“Herria batzea bilatzen dugu jaiekin”

Txabi Alvarado Bañares 2017ko ira. 25a, 19:59

Menagarai eta Beotegiko jaien antolatzaileetako bat da Mari Carmen Campo Urkijo.

Menagarai eta Beotegiko festen antolatzaileetako bat da MARI CARMEN CAMPO URKIJO (MENAGARAI, 1949). San Migelgo jaien inguruan mintzatu da.

Duela lauzpabost urte ekin zenioten berriz Menagarai eta Beotegiko Jaiak ospatzeari. Zer moduz doa ospakizunen berreskurapen prozesua?
Zer edo zer lortzen ari gara. Geroz eta jende gehiago bertaratzen da plazaratzen dugun programari esker, hein batean.

Areto dantzak daude, bolo jaurtiketak... Ekintza guztiekin bagoaz apurka-apurka jaiak berreskuratzen. Herrian gazterik ez dagoela ikusita, erromeria formatuko festa zen berreskuratu nahi genuena.

Herriko jendeari zuzendutako festak egiten dituzue, beraz.
Funtsean hori da asmoa, bai. Aspaldian egiten ziren ospakizunak ekarri nahi ditugu gogora.

Festaren bidez herritarren arteko harremanak sustatzea dugu helburu. Ez gaude oso batuta, nahiko herri problematikoa da hauxe.

San Pedro Jaietan -uztailean ospatzen dira - herri bazkaria egiten dugu gure arteko erlazioak mantentzeko, adibidez.

Zergatik utzi zitzaion jaiak antolatzeari?
Geroz eta gazte gutxiago zeudelako herrian, eta pixkanaka ekintzak egiteari utzi zitzaiolako. Duela 20 urte inguru kalkulatzen dut hasi zirela galtzen.

Herriko jendearen adinean dago arazoa: pertsona oso nagusiak gara, esango nuke % 80 garela 60 urtetik gorakoak.

Etorkizunari begira zein da zuen asmoa?
Jaiak hobetzea gustatuko litzaidake niri, mota askotako ekintzak antolatzea; baina horretarako aurrekontu handiagoa beharko genuke. 3.000 euro baliatzen ditugu San Pedro eta San Miguel Jaiak antolatzeko, eta segituan  agortzen dira.

Bestelako mezurik gehitzea gustatuko litzaizuke?
Herriko jendea festen antolakuntzan gehiago inplikatzea ere gustatuko litzaidake, gazte zein nagusiak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide