Haur-transexualitateari buruzko hitzaldia egongo da gaur arratsaldean Luiaondoko Gizarte Etxean. 18:00etan izango da zita, eta Chrysallis EH elkarteko Bea Severrek hartuko du hitza.
Aiaraldeko guraso batzuek antolatu dute solasaldia, euren semearen kasuak eraginda. “Gure auzokideek gu ulertu eta bistaratzeko antolatu dugu hitzaldia”, azaldu dute, “ez dugulako armairu batean ezkutatuta egon nahi. Gustuko dugun moduan bizi nahi dugu, duintasunez, betetasunez, traba moralik gabe eta, noski, erasorik gabe”.
Euren bizipenak kontatzen dituen gutuna helarazi diote Aiaraldea Gaur hedabideari:
Chrysalistarra naiz
Nire familiari eta niri gauza bat gertatu zaigu duela bederatzi hilabete imajinatu ere egingo ez genuena. Iragan otsailean hasi zen bizitza aldatu digun zera hori (zaila da baloratzea onerako edo txarrerako izan den): Nire seme sexuatua (ume bat jaiotzen denean sexua zakila edo aluaren arabera ezartzen zaionean erabiltzen da hitz hori), orain dela bederatzi hilabete arte neska ederra zena, mutila dela orain, ederra baita ere. Bai, alua duen mutila da.
Ukazioa da lehenbiziko jarrera, haserrea gero, eta horren ostean dator ezer ez ulertzeak sortzen duen mina. Nolatan ez dugu orain arte ikusi? Orain zer? Beste familia batzuekin hitz egiten duzunean esaten dizute euren kasuan sumatzen zutela. Gurean, aldiz, bat-bateko kontua izan da.
Nola egiten diogu aurre gure semearen identitate berriari?
“Ukazioa da lehenbiziko jarrera, haserrea gero, eta horren ostean dator ezer ez ulertzeak sortzen duen mina”
Orduan argitxo bat sortu zitzaigun buruan: egon behar zuen horretarako elkarteren bat. Telebistan agertzen den busa etorri zitzaigun segituan burura. Bus horretako pertsonak haserretu egiten dira, kasu hauetan, umeei esaten ez zaienean “jainkoak dioen modukoak” direla: zakila duena mutil eta urdinez eta alua duena neska eta arrosaz. Autobuseko pertsona horiei asko eragiten die elkarte batek kanpaina bat abian jarri izana horren mezu sinplearekin: “zakila duten neskak eta alua duten mutilak badirela”. Ikusi baino ez da egin behar zenbat baliabide erabili dituzten mezu hori boikotatzeko.
Chrysallis EH elkartera eginiko lehen deia koherentziarik gabeko hitz-jario bat da: Zer da hau? Normala da? Nork ulertu dezake hau? Zergatik? Ez dugu nabaritu, ez zaio futbola gustatzen eta...
Eta hemen hasten da hitzez deskribatu ezin dezakedana. Nire semearekin topatzea, bere identitate sexuala ezagutzea, bere ausardia, duen beharra den bezalakoa onartua izateko, nahi duen bezala bizitzeko. Eta prozesu bera elkartea osatzen duten Euskal Herriko beste 50 umeengan. 2 eta 18 urte bitarteko haurrak daude, borroka istorio sinestezinekin, gauzak oso argi izanda, dagoenarekin aurrera jarraitzeko prest. Gure buruak hezi eta hazteko balio izan digu, ulertuaz ez dagoela geldirik egoterik horrelako egoera bat bizitzea egokitzen zaizunean eta zure seme edo alabaren zoriontasuna jokoan dagoenean.
Asko lagundu digute mugikorrek, sare sozialek eta youtubek. Etengabe gaude harremanetan chat bidez elkarteko beste gurasoekin eta nerabe zein informazio taldeekin. Modu horretan goaz ulertzen zertan datzan prozesua, zein den transexualitateak LGTB mugimenduan duen tokia edota zergatik dagoen Nafarroako legea Euskadikoa baino aurreratuagoa... pausoak jarraitzea ahalbidetzen digu horrek, beste batzuek gu baino urte, hilabete edota egun batzuk lehenago emandako berak. Chrysallis EH sekulako laguntza izan da guretzat, ezinbestekoa bertigoa sortze duen prozesu honetan.
“Nire semearekin topatzea, bere identitate sexuala ezagutzea, bere ausardia, duen beharra den bezalakoa onartua izateko, nahi duen bezala bizitzeko”
Bederatzi hilabete hauetan aldatu behar izan dugu gure semearekiko begirada eta orain apur bat presenteago eta pozago dagoela ikusi dugu (oraindik prozesu luzea geratzen den arren). Senideak informatu eta euren laguntza bilatu behar izan dugu: lehengusuak, izeko-osabak... aiton-amonei esan behar izan diegu baita, ez dakizulako horren nagusiak diren pertsona batzuek nola ulertuko duten. Lagunak gero, ikasgela ondoren, eta gainontzeko ingurune soziala ostean...
Geldiune bat egin behar dut hemen. Aitortu behar dut prozesu guzti hau sinestezina izan dela: ez dugu une txarrik bizi izan, bide garbia izan da, arrakalarik gabekoa. Eskerrak eman behar dizkiot nire familiari eta gure herriko hezkuntzari, buru ireki eta zoragarriez osatua dagoena... Nahiz eta badakigun egon direla gaizki pasatu duten haurrak. Baina ez da gure kasua, eta babestu, baloratu eta indartu egin behar den zerbait da hori.
Makina bat itxaronaldi etorri ziren gero. Itxaron behar izan genuen genero unitatera joateko, patologikoa zen edo ez esan ziezaguten (lehen gayekin egiten zen bezala: perbertituak zirela, buruko gaixotasunak zituztela, onbideratu egin behar zirela...). Horixe bera gertatzen da gaur egun transexualitatearekin: buruko gaixotasun larritzat hartzen dela. Horregatik zure semeak epaimahai mediko eta psikiatriko baten aurretik igaro behar du, egokitasun ziurtagiria eskuratzeko. Zeren ziurtagiria?
“Horixe bera geratzen da gaur egun transexualitatearekin: buruko gaixotasun larritzat hartzen dela”
Ondoren datoz endokrinoarekin zita lortzeko itxaronaldiak, hormonazioa lortzeko. Eta baita beste afera burokratiko gogaikarri batzuk ere, izen aldaketarekin. Eta txosten gehiago, eta itxarotea osakidetzak txartel berria bidali arte... elkarteko gainontzeko gurasoekin beste ehun mila whatsapp mezu partekatzea dakar horrek guzti horrek, hori eta hau nola egin jakiteko... dena berriro hastea da.
Eta horretan gabiltza, hitzaldi bat antolatu nahian gure auzokideek gu ulertu eta bistaratzeko, ez dugulako armairu batean ezkutatuta egon nahi. Gustuko dugun moduan bizi nahi dugu, duintasunez, betetasunez, traba moralik gabe eta, noski, erasorik gabe...
“Gustuko dugun moduan bizi nahi dugu, duintasunez, betetasunez, traba moralik gabe eta, noski, erasorik gabe...”
Transexualitatea ez da jende askori gertatzen zaion zerbait. Gutxiengo oso txiki bat gara: bakarra 10.000 biztanleko, zifra handiagoak planteatzen diren arren. Oso gaizki tratatuak izan diren pertsonak dira, jazarriak, kriminalizatuak. Herrialde batzuetan ezin da gaiaz hitz egin, eta are gutxiago aditzera eman. Ez da oso urrun joan behar, hori gertatzen baita Estatu Espainiarrean. Hitzaldi batean entzun nuen badaudela familia batzuk gure lurrera emigratu (errefuxiatu moduan etorri, hobeto esan) behar izan dutenak pertsona gisa eta sentitzen dute moduan bizitzeko. Izugarria da hori.
Aiaran, gure lurraldean, emango dugun hitzaldi honen helburua informatzea, jendarteratzea da; transexualitatea zer den jakin eta, ulertzeko zaila izan arren, behintzat errespetatua izatea lortzeko.
Hori lortzea espero dugu.
Besarkada bat
Familia chrysalistarra bat