Aiaraldean bizi da Laura. Duela urte gutxi erditu zuen bigarren aldiz. Neska izan zuela uste zuen, eta ondorioz, izen femeninoa jarri zion haurrari. Baina umea hitz egiten hasi zenean, argi utzi zion: mutila zen. “Bere buruari buruz mintzatzen zenean maskulinoa erabiltzen zuen, eta zuzentzen saiatzen ginenean berak gu zuzentzen gintuen. Ez zuen inoiz bere izen femeninoa onartu eta Ekaitz, Mikel edo lagunen izenak erabiltzen zituen”.
Hortaz, haurrak zalantzarik ez zuen, baina gurasoek? Hasieran uste zuten oker edo nahastuta zegoela adingabea. “Gure iritziz anaia kopiatu nahi zuen, nagusia delako. Klasean neska gutxiago zeudenez, hori egiten zuela pentsatu genuen. Ahalegina egin genuen azaltzeko ez zuela arazorik izango neska izateagatik. Neskek eta mutilek gauza berak egin ditzakete eta”. Dena den “arazoa” ez zen janzkera edo orrazkera, kontraesana identitatean zegoen.
“Eskemak apurtu zitzaizkigun eta ez genekien zer gertatzen ari zen, umeak errepikatzen zuen mutila zela; eta guk eta gizarteak neska ikusten genuen”
Errealitatea denbora tarte batez ukatu eta gero heldu zen inflexio puntua, eta horrekin beldurra. “Eskemak apurtu zitzaizkigun. Ez genekien zer gertatzen ari zen, umeak errepikatzen zuen mutila zela, eta guk eta gizarteak neska ikusten genuen”. Informazio bila hasi ziren orduan Laura eta bere bikotea. Euren itxaropena zen haurtzaroaren beste etapa bat izatea, baina ez. Chrysallis elkartera jo zuten laguntza eske. “Eskura genuen guztia irakurtzen eta ikusten genuen. Barneratu ahala, maiz negar egiten nuen, gogorra baita aldatzea imajinatu duzun etorkizunaren irudia”.
Gurasoek egoera ulertzen zuten bitartean, umea ez zegoen eroso: “Egunero negarrez joaten zen klasera, ez zegoen gustura”. Horren aurrean, Laurak erabaki zuen bere semeari uztea lantzen izaera eta etorkizuna. Gauzak horrela, pasa den urteko maiatzean hasi zen umea “mutilen” arropa eta ile motza eramaten. Irailean, ikasturtea abiatzean, ikastetxera joan eta euren egoeraren berri eman zuten. Modu horretan hasi ziren elkarlanean zentroarekin.
“Izaera gogorra du, eta mutilek iraindu dutenean, ez die jaramonik egin”
Langile guztiek trebakuntza jaso dute errealitate hori hobeto ulertzeko. Hezkuntza esparruan izandako babesa eskertu ez ezik, Chrysallisen eta elkarteko familia bazkideen laguntza ere garrantzitsua izan dela nabarmendu du gurasoak. “Beste familia batzuek arazoak izan dituzte, baina guk ez. Gure semearen klaseko gurasoekin bilera egitea erraztu zigun ikastetxeak, eta bere lagunek oso modu normalean onartu dute, ez baitute aurreiritzirik”. Hala ere, zenbait oztopo aurkitu dituzte. Besteak beste, izenarena; “Nire semeak sentitzen duen izena eta ofiziala ez dira bera, eta horrek arazoak sortzen ditu. Adibidez, azalpenak eman behar ditut hegazkina hartzen dugunean”.
Izen aldaketa Amurrion
Marianek ere badaki zer den hori. Aiaraldea hedabidearekin elkartu aurretik jo du Amurrioko udaletxera, eta bere alabaren izena aldatu du erroldan. “Apur bat luzatu da, hemengo epaitegian ez baitzekiten nola egin, lehenengoak izan gara”, argitu du. Orain oso pozik dago alabarekin, baina prozesu luzea izan da. Izan ere, gazteak 11 urte zituenean ikastetxeko pedagogoari adierazi zion homosexuala zela. Transexualitatearen kontzeptuan sakondu ostean, ordea, ulertu zuen ez zela homosexuala, baizik eta emakumea.
Transexualitatea gaztaroan
Hasieran, nahigabe, beldurren ondorioz, Marianek ez zion bidea erraztu alabari: “Ebakuntza egin behar zuela aipatu nion, eta horrek ikaratzen zuen”. Dena den, laster ulertu zuen onena zela ahalik eta lasterren onartzea; “epilepsia krisialdiak izan zituen, eta hori gordetzeagatik izan zela uste dut, antsietateagatik. Horietako krisialdi batean medikuarekin hitz egin zuen, eta psikiatrara bideratu zuten. Han askatasunez mintzatu zen, eta nirekin harremanetan jarri ziren gero”. Gurutzetako ospitalean epaimahai psikologikoa gainditu ostean, tratamendu hormonala abiatu zuen Marianen alabak, ezaugarri femeninoak garatzeko eta maskulinoak ekiditeko. Etorkizunean ebakuntza egin nahi du genitalak egokitzeko, baina 18 urte bete behar ditu horretarako.
Traba horiek gaindituta, egokitu zaie familian bertan sortu diren arazoak gailentzea: “Ni banandua nago, eta bere aitak ez du gertutik bizi izan prozesua. Horregatik denbora gehiago behar izan du barneratzeko. Bestalde, bere neba nagusiak ez zuen ondo hartu, uste baitzuen herri ez oso handian bizitzeagatik jendeak minduko zuela”, Marianen aburuz. Bera ere ikaratuta zegoen, “baina azkenean dena arrunta bilakatu da”.
Ikastetxeetan errazagoa izan da, haien gain hartu dute egoera, eta trebatu egin dira; “ikasbidaian neskekin partekatu zuen logela, adibidez”. Marianen ustetan, bere alabaren izaerak asko erraztu du: “Gogorra da, eta mutilek iraindu dutenean ez die jaramonik egin”. Kasu asko ez badira izan ere, jaso izan ditu isekak.
Orain erronka berriei aurre egin beharko dizkiete: “Kanpora ikastera joan nahi du eta hori, niretzat, berriro dena hastea da. Hemen errespetatzen dute” nabarmendu du gurasoak. Eta nola ez, nerabea izanik, lehenengo parrandak daude. “Batzuek seinalatzen dute transexuala izateagatik, berak ez du ezkutatzen bere izaera, hasieratik argi adierazten du; ez dut ulertzen zergatik sartzen den horretan jendea”.
Transexualitatea lantegian
X eskualdeko lantegi batean aritzen da beharrean, ardura fisikoak beteta: “Makina batekin ematen dut egun osoa”. 40 urte inguru dauzka, eta ibilbide gogorra egin du, familiarengandik hasita: “Gurasoek esan zidaten lesbiana izateko, errazagoa izango zela transexuala izatea baino, behintzat. Duela 20 urte transexualitatea prostituzioari eta folkloreari zegoen lotuta. Bilboko gay eta lesbianen elkarteek ere ez zuten ezer jakin nahi transexualei buruz, gatazkatsuak zirela uste baitzuten”.
Ezagun baten laguntzarekin abiatu zuen bere bidea, herriko medikuak ez baitzekien nola jokatu. Tratamendu hormonalarekin batera, berarentzat oso garrantzitsua izan zen bularra kentzea. “Hala ere, iskanbila sortu zen. Kazetari batek plazaratu zuen ohiko prozedura hori baliatzen ari zela sexu aldaketak ahalbidetzeko, eta sekulako zalaparta sortu zen. Printzipioz, Espainiar estatuan Malagan bakarrik egiten ziren horrelakoak sistema publikoan, eta Osakidetzak egiteak gatazka eragin zuen”, erantsi du.
Horren ondorioz, bularreko bigarren ebakuntza egin zuen sendagile pribatuen bitartez, alegia, bere patrikatik ordainduta. “Hori bai, niretzat askapena izan zen, ez nuen bularra disimulatu behar eta. Hori kenduta, nire itxura eta jarrera ez da gehiegi aldatu, bizarra edo gorputzeko ilea hazi zait, besterik gabe” adierazi du.
X.-k lortu duen guztia epaiak erabilita edo asko borrokatu ostean izan da. “Epaiketara joan behar izan nuen legalki sexua aldatzeko, eta hori ere sekulako ahalegina izan zen: abokatua kontratatzea, lekukoak hautatu beharra...”.
“Gurasoek lesbiana izateko esan zidaten errazagoa izango zela”
Eta, jakina, zenbait pertsonen jarrerari aurre egin behar izan dio: “Herrian batzuek nire aurreko izen femeninoarekin hitz egiten didate mintzeko, eta lantegian badakit niri buruz hitz egiten dutela, baina oso koldarrak direnez, ez didate aurpegira esaten. Adibidez, enpresan 10 lagun sartu ginen aldi berean eta batek galdetu zidan ‘tipo arraroren bat ikusi duzu? Antza gurekin hartu dute lehen emakumea zen bat’. Eta hori niri esan zidan!”.
Zurrumurru artean eman du ia bizitza osoa X.-k: “Badago hurbiltzen dena jakiteko nola zauden edo jakin-mina duelako, baina askok egiten dute besteekin esamesaka aritzeko, agerikoa da hori”.
Ebakuntzak
Transexualitateak harreman zuzena dauka osasunarekin. “Tratamendu hormonalak eragina dauka hezurretan eta beharrezkoa da dentsitatea kontrolatzea”, adierazi du X.-k. Bestalde, genitalen ebakuntza ere konplexua da: “Teknikak oso esperimentalak dira oraindik ere. Nire lagun bat sentsibilitaterik gabe utzi zuten sexu organotan txarto ebaki zutelako”.
Gainera, arazo ekonomikoa dago: “Gazte askok hipotekak eskatu behar dituzte, eta sekulako zorrak hartu ospitale pribatuetan egiten dutelako prozesua azkarrago”.
Gauzak horrela, X.-k erabaki du ebakuntzarik ez egitea: “Arriskua existitzen den bitartean, nik argi daukat zakila izateak ez nauela gizonagoa egingo”.
“Epaiketara joan behar izan nuen legalki sexua aldatzeko”
Horrez gain, oztopo handia dira baita harreman afektiboen inguruan gizartean dauden estereotipoak. “Jendeak uste du transexualek transexualekin dituztela harremanak bakarrik”.
X.-k, adibidez, hasieratik azaldu zion neskalagunari zein den bere izaera: “Berari bakarrik, inori gehiagori ez baitzaio axola”. Ez du gogoko jendeak pentsatzea bere bikotekidea ere transexuala denik.
Hala eta guztiz ere, X.-k badaki aitzindaria izateko pisua egokitu zaiola Aiaraldean, eta, trabak traba, aurrera egiteko erabakia hartua du: “Jaio nintzen herri txikian bizitzen jarraitzen dut, ez dut kanpora joateko gogorik edo beharrik, beraz, ez nago hain txarto”.