Ziklokrosean denboraldia ona egin duzu, baina zein da zure balorazioa?
Oso ondo hasi nintzen, oso gustura, Urduñan irabaztea hasiera bikaina izan zen. Pixkanaka, ordea, joan nintzen gutxitzen, baina postu oso ona eskuratu nuen Espainiako Txapelketan. Espero nuena baino hobea izan zen. Iaz baino askoz hobeto ibili naiz.
Errepideko denboraldia hasi duzue, zer espero duzu?
Aiarako Birarekin hasi da eta gu urduri gaude, jende asko etortzen baita. Bartzelonako txirrindulariak datoz eta ez dakigu zein izango den euren sasoia. Etxean egongo garenez, saiatuko gara dena ematen.
Iaz talde onena izan zineten Aiarako Biran, errepikatzeko asmoa daukazue?
Bai, iaz oso talde ona genuen eta aurten ere.
Txirrindularitza oso kirol gogorra eta sakrifikatua da, zergatik hautatu zenuen?
Herrian zehar hasi nintzen txirrindulaz ibiltzen eta egun batean aitari eskatu nion bizikleta erosteko. Horrela hasi zen guztia.
Zein ezberdintasun sumatzen duzu zuk ziklokrosaren eta errepidearen artean?
Nire ustez, ziklokrosa, kadeteetan, ordu erdiko lasterketa da, baina askoz biziagoa. Errepidean ordu eta erdiko ibilbidea osatzen duzu eta, nahiz eta erasoak egon, mantsoagoa da. Ziklokrosean, ordea, 200 pultsazioetan gaude ordu erdiz.
Nik ziklokrosa nahiago dut, lokatza gogoko dut (barreak).
Aiarako Birarako prestaketa berezia egin duzue?
Ziklokrosa bertan behera utzi dugu eta apurka-apurka hasi gara errepidean. Ziklokrosean aritu garenez, sasoian gaude aurretik.
Ordu eta erdiko entrenamenduak egin ditugu, 45 eta 60 kilometro artean beteta. Azterketak izanez gero, bi aldiz ateratzen gara errepidera astero, baina ahal badugu, lau alditan.
Ikasketak eta entrenamenduak tartekatzeko, batzuetan goizeko bostetan esnatu behar gara ikasteko, kirol hau sakrifikatua da.
Iaz sekulako erorketa izan zenuen Etxebarriko lasterketan, nola bizi izan zenuen, ez diozu beldurra hartu txirrindularitzari?
Egia esanda, lehenengo hilabetean beldur apur batekin nenbilen eta jaistean, esaterako, motelago joaten nintzen. Edonola ere, konfiantza berreskuratu bezain laster, berdin aritu naiz.