Igande arratsaldean abiatu zen Amurriotik Aiarako Birako bigarren etapa. Aurreko egunean Laudioko errepidetan ibili ostean, 116 txirrindularik hartu zuten parte bigarren jardunaldian. 44 kilometroko lasterketa izan zen igandekoa, eta txirrindulari gazteek birritan igaro zuten Saraubeko gaina, lasterketako punturik gorenena.
Aparteko zailtasunik gabe ekin zioten ihesaldiari Igor Arrieta eta Aitor Alberdi Intersport Irabia talde nafarreko kideek. Horiekin batera, Flavio Ortiz kantabriarra eta Valladolidetik etorritako Ivan Romeo ere lasterketako buruan kokatu ziren.
Laukoteak minutu bat eta 36 segundoko tartea atera zion tropelari. Etapa Aitor Alberdik irabazi zuen eta sailkapen nagusian Flavio Ortiz geratu zen buru Ivan Romeoren aurretik. Azken bi horiek dira Aiarako Bira irabazteko faborito.
Aiararrak zailtasunez
Ez zuten zorte onik izan Aiara Txirrindularitza Elkarteko kadeteek. Eder Caminok, larunbatean egin bezala, erorketa izan zuen, Gaizka Herrero ere lasterketan erori zen. Taldeko zuzendariek adierazi dutenaren arabera, "oso lasterketa zatitua" izan da Amurriokoa, "zailtasunak izan ditugu txirrindulariekin komunikatzeko. Tropela tiraka hasi denerako sei kilometro baino ez ziren falta helmugara heltzeko".
Hiru lasterketa geratzen dira Aiarako Bira bukatzeko: Artziniegakoa, Arespalditzakoa eta Okondkoa. Aiara Txirrindularitza Elkarteko kideek ziurtatu dute "lanean eta akatsetatik ikasiz" jarraituko dutela aurrera, "azken unera arte".