“Oso parrandazalea naiz ni, Luiaondoko jaien ekintza guztietan egongo naiz giroa animatzen”

Txabi Alvarado Bañares 2018ko uzt. 16a, 07:33

Gaztedi berria koadrilako kidea da Julene Munsuri Martinez. / J.M.M

JULENE MUNSURI MARTINEZek (Karrantza, 1958) 32 urte daramatza Luiaondon bizitzen. Aurtengo jaietako dama izateko hautatu dute Gaztedi berria kuadrilako kideek. Gauzak hala, bera arduratuko da pregoia bota eta jaien hasiera suziria pizteaz. 

Luiaondoko jaietako txupinero izateko hautatu zaituzte. Zer moduz? Espero zenuen?

Ilusio handiz jaso dut albistea. Sumatzen nuen egokituko zitzaidala. Duela bi urte ere hautatu ninduten, baina gaixorik nengoen eta ezin izan nuen onartu. Oso pozik nago, baina urduri.

Ostiral honetan hasiko da Luiaondoko jaien lehen txanpa: Andra Mari Magdalena. Zein izango da zure funtzioa ospakizun horretan?

Bonboa emango didate eta pregoia irakurtzea egokituko zait. Hasi naiz dagoeneko hainbat gauza idazten, zer esan pentsatzeko. Zapia jarriko didate eta parrandan aritu beharko dut, oso gogoko dudan ekintza (barreak). Oso parrandazalea naiz ni, jaien ekintza guztietan egongo naiz giroa animatzen.

Pregoian zer esango duzun aurreratzerik?

Bai. Pregoilari izateak ilusio asko egin didala aipatuko dut, eta aurreko urteetakoen mailara iristea espero dudala. Jai batzordeak antolatutako ekintza guztietan parte hartzera animatuko dut jendea, eta ondorengo esaldiarekin amaituko dut pregoia: “Ez da ez, edozein egoeratan”. Hori izango da gutxi gorabehera esango dudana.

Bonboa jotzeko aukera izan duzu dagoeneko?

Ez dut aukerarik izan. Nire lagun onenari txupinera izatea egokitu zitzaionean gertu izan nuen, baina ez nuen jotzeko betarik izan, minbizia izan nuelako. Baina alboan izateko parada izan dut. Oso handia da. Baliteke laguntza behar izatea jotzeko.

Zergatik dira bereziak zuretzako Luiaondoko jaiak?

Oso herriko festak direla, hori da gehien gustatzen zaidana. Herriko jendeak hartzen du parte gehienbat, kanpoko jendea ere bertaratu daitekeen arren. Asko gustatzen zait Santo Domingoko eta San Lorentzoko bazkarian parte hartzea. Herrian ikusten ez dituzun bizilagunekin topatzeko parada dago bertan. Oso gogoko ditut jai hauek. 

Jendeak ez du parte hartzeko ohiturarik. Malato zuhaitzaren inguruko etxebizitzetako jende gutxi ezagutzen dut, ez dute herriko bizitzan betiko bizilagunek bezainbeste parte hartzen.

Eta zer nolako bilakaera izan dute azken urteetan?

Beherakada apur bat izan dute, jai guztiek bezala. Gazteak beste herri batzuetako jaietara joan ohi dira. Baina nik ekintza guztietan parte hartze ohitura dut, berbena amaitzen den unera arte nago kalean.

Baina goizean zehar ere badaude ekintzak. Nola egingo duzu gauean eta goizean egoteko?

Biak uztartzen saiatuko naiz, etxean ere eginbeharrak ditut eta. Hala ere, jai-egun zehatzak direnez ez da zaila izango horiei begira antolatzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide