"Lagunarteko bazkari batetik sortu genuen San Lorenzo ermitako jaia"

Aitor Aspuru Saez 2018ko abu. 6a, 20:00

Pili Arbaiza eta Paco Martin San Lorentzon bere txakurrarekin, Laika. / Aiaraldea.eus

PACO MARTIN eta PILI ARBAIZA izan ziren sanlorentzo jaiak asmatu zituztenak, 1990ean. 20 lagunen arteko bazkaria 200dik gora pertsonaren festa bilakatu da. Ermitako jai egunaren iraganaz eta orainaz mintzatu dira.

Nola sortu zen sanlorentzo jaia? “Asmatutako” festa da, ezta?

Baserria erosi genuen. Laudion lagun kuadrilla genuen, eta bazkari bat egitea otu zitzaigun. Horrela sortu zen, lagunarteko bazkari batetik. Propio egin genuen San Lorentzo egunean. Lehen bazkarian 20 pertsona inguru egon ginen. Egun horretatik aurrera ohartu ginen, aukera polita izan zitekeela herriari ekarpen bat egiteko. Horrela bilakatu zen herri bazkari. Jai Batzordearekin eta Batzar Administratiboarekin elkartu ginen, eta ondo iruditu zitzaien ideia.

Lehenbiziko bazkari herrikoian zenbat elkartu zineten?

70 lagun! Urteak aurrera egin ahala handitu egin zen parte hartzea. Azkenengo bazkarian 200 herritar elkartu ginen! 30 urte inguru daramatzagu bazkaria antolatzen, 90eko hamarkadatik.

Hiru hamarkadatan aldatu egingo zen ingurua ere...

Bai. Garai hartan nire baserriaren bueltan apenas genuen ur eta argirik. Bidoietan igotzen genuen ura jendearentzat, Land Roverrean. Bazkaria egin ostean lapiko eta abarrak garbitu eta txukundu behar ziren. Hozkailurik ezean, ardoa barrakoietan sartzen genuen, eta fruta izotzdun ur balde handietan. Elikagai eta edari guztiak arboletako adarrekin estaltzen genituen, eta itzaletan gordetzen genuen.

 

“Orain egiteko modua bestelakoa da, plana industrialagoa da, ez da horren herrikoia”

 

Eta antolakuntza aldetik, nola aldatu dira gauzak?

10 pertsonaren artean antolatzen genuen, nahiz eta momentuan bertan jende gehiago batu laguntzera. Asko etortzen ziren baserrira letxuga edo behar zena prestatzera. Guk lana bideratzen genuen. Entsaladak, esaterako, emakumeek prestatzen zuten, gizonezkoren bat edo besterekin. Kamioiak eta materiala igotzeaz Batzar Administratiboa arduratzen zen: mahaiak, aulkiak, oholtza...

Lurraren jabetzan ere aldaketak eman dira...

Hasiera batean gurea zen, orain udalarena. Herriak zuhaitzak jarri ditu, eta askoz politago geratu da. Edonoiz, edonorentzat irekia dago. Jabetza pribatua mantendu balitz, arazoak pilatuko lirateke: festa egunean soilik sartu ahalko litzateke jendea? Dena zabalik balego, ganaduarekin zer? Soluzioa bilatu behar zen, eta herriarena izatea erabaki genuen. Orain, denok disfrutatzen dugu: herrikoek eta kanpotik datozenek.

 

“Lehen herri kirolak ere egiten ziren. Antzar eta txakurrekin txapelketak ere antolatzen genituen”

 

Zenbat urtez antolatu duzue jaia?

Hamabost bat urtez. Hein batean, pena ematen digu. Guretzat ez zen bazkari hutsa, lehenago elkartu behar ginen erosketak egiteko, marmitakorako hegaluze bila Bermeo edo Santoñara joateko... Lagun arteko egunpasak politak ziren, lan handia suposatu arren. Nahi edo ez, gauza asko dira: su prestaketak, kazola bilketa, materiala lortu eta itzultzea... Ingurua ez zegoen horren prestatuta, baina gustura egiten genuen. Egia esan, asko gozatu dugu jendea disfrutatzen ikusten. Orain egiteko modua bestelakoa da, plana industrialagoa da, ez da horren herrikoia.

Itzal falta agerikoa da... Nola moldatzen zineten?

Eguzkipean. Gogoan dut artzain txakur txapelketa egin zenekoa, sekulako ekaitza bota zuen! Ezustekoan harrapatu gintuen, baina denbora gutxian konpondu genuen. Guztion artean gauzak mugitu eta frontoian bukatu genuen bazkari eta festa.

Ekintzak ere berritu dira?

Lehen herri kirolak ere egiten ziren. Antzar eta txakurrekin txapelketak ere antolatzen genituen. Iñaki Perurena ere hona etorritakoa da harri-jasotzaile gisa! Trontza ere egiten zen, eta herritarren artean norgehiagoka bizia egoten zen!

Egun, nola bizi duzue sanlorentzo eguna?

Parte hartzen, baina ez lehen bezainbeste. Lehen, gauez, beti zegoen animaliaren batekin festa: astoa, akerra, zekorra... Behin soka jarri genuen eta jendeak sokamuturra zegoela pentsatu zuen, baina ez zegoen ezer! Beste batean untxiak askatu genituen!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide