EH Bildu: "Malatu aretxaren ekitaldia alderdikoiagoa izan da herrikoia baino"

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko urt. 25a, 09:36

Larunbatean egin zuten Malatoko Aretxa omentzeko ekitaldia. / Hontzuria

Aiarako EH Bilduk herritarrek ordaindutako hauteskunde ekitalditzat jo du Malatu Aretxaren omenaldia. 

Aiarako EH Bilduk larunbatean Luiaondon burututako ekitaldia kritikatu du. Prentsa oharrean azaldu dutenez, udaleko azken kultura batzordean galdetu zuten Malatu aretxaren historia zabaltzeko ekitaldiaren zergatia, ez zelako hura antolatzeko udalbatzarekin kontatu. Koalizio abertzaleak salatu duenez, alde bakarreko erabakia izan da: "Ekitaldia iragartzeko kartelak jarri baino ordu batzuk lehenago jaso genuen telefono deia. Formalki, EH Bilduko lau zinegotziok ez dugu gonbidapenik jaso".

EH Bildukoen esanetan, abenduko kultur batzordean ez zen afera aipatu, ezta urtarrilekoan ere, "gaiaz hitz egin zuten azalpenak eskatu genituenean". Azpimarratu dutenez, kultur ondarea nabarmendu eta zabaltzeko argibide taulak jartzea "behin baino gehiagotan" eskatu du EH Bilduk aurrekontuetan, bai biztanleek eta baita bisitariek ezagutu eta gozatzeko. "Oraingo honetan gobernu taldeak antolatu duen ekitaldiak agintarien presentzia zabala izan du, baina aiararrena urria izan da. Gehiago zuen hauteskundeen kutsu alderdikoiaren itxura, benetako ekitaldi kulturalarena baino. Gainera, aiarar guztien diruz ordainduta", erantsi dute. 

Zentzu horretan, elkarteekin eta udal batzordeekin ondarea balioan jartzeko proiektu herrikoia garatzeko aukera galdu dela pentsatzen dute EH Bildukoek, "ekitaldi alderdikoiagoa garatu dute herrikoia baino". Maite Alonso Luiaondoko Batzar Administratiboko lehendakariak, Gentza Alamillo Aiarako alkateak eta Ramiro Gonzalez Vicente Arabako Diputatuak hartu zuten parte ekitaldian. 

Gentza Alamillo alkateak Aiaraldea hedabideari adierazi dionez, osoko bilkuran azaldu zituzten ekimenaren arrazoiak eta ez dituzte adierazpen gehiago egingo.

Erlazionatuak

Malatu Aretxaren historia omentzeko ekitaldia egin dute

Erabiltzailearen aurpegia Laura Guerrero eta Modesto Marín 2019 urt 21 Aiara   Luiaondo

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide