Aginagako Aguíñiga gaztandegiak lehen saria irabazi du aurtengo Gernikako Urriko Azken Astelehenean. Saritutako gazta erdia 6.600 euroren truke saldu zen. Pacharan Zoco destilategiak erosi zuen; nahiz eta ordaindutakoatik “euro bat ere ez” den ekoizleen eskuetara helduko.
Dena den, salmentak mantentzeko eta indartzeko orduan, hain ohiartzun handiko azoka batean irabazteak “asko” laguntzen duela aitortzen du Jose Ramon Martinez ekoizleak.
Beraz, oso pozik agertu da lortutako emaitzarekin, batez ere, azokaren garrantzia dela eta: “Gernikara beti zoaz zeozer ona egiteko ilusioarekin, oso azoka ona da”.
Hala ere, hain erakustoki handian parte hartu ahal izatea ez da erraza, Martinezen arabera, “lehiaketan parte hartu ahal izateko salmahaia ere izan behar delako”.
Gernikaz aparte, aurten Amurrio eta Zallako azoketan ere lortu dute Agiñigakoek lehenengo postua. Pasa den urteetako joera ere antzekoa izan zen: “Ez da erraza urte askotan zehar kalitatea mantentzea; esnea produktu bizia da, egunero dago aldatzen, hainbat faktoreren eragina dago”.
Gainera, gaztaren kalitatea momentu oro kontrolatzeko zailtasunak aipatu ditu Martinezek, “ekoizleak gazta egin eta bi hilabetera dastatu ahal du era egoki batean; sukaldari batek, berriz, momentuan bertan”.
Irabazterako orduan beste gakoetako bat gazta mota egokia aukeratzea da: “Azoka batzuetan onduago dagoen gazta dute gustuko, beste batzuetan freskoago dagoena”.
Dena den, Martinezek momentuan “gehien” gustuko duen gazta aukeratu ohi du, “ezinezkoa” baita gazta bat garaile izango den ala ez jakitea. Nahiz eta “oso gazta ona” eraman, Elejaldek epaimahaiaren aldakortasunari egiten dio men emaitzen aniztasuna azaltzeko: “Dastatzaileak aldatuz doaz; Gernikan, esaterako, emakume japoniar bat zegoen epaimahaian”.