Gaur "Expedición Groenlandia" dokumentala eskainiko du Zigor Egia mendizale amurrioarrak Bilboko Kirol Etxeko Areto Nagusian, Bizkaiko Mendi Federazioaren egoitzan -Martin Barua Picaza kalean-, hain zuzen.
19:30ean hasiko da hitzordua eta filmak 42 minutu iraungo du. Federazioko presidenteak irekiko du emanaldia eta Egiak gero azalduko ditu bidaiaren nondik norakoak. Azkenik, pelikula ekoiztu duen zuzendariak hartuko du hitza. Proiekzioa bukatu ostean, galderak egiteko aukera egongo da.
"Ez nuen asmorik dokumentala egiteko"
Zigor Egiak berak azaldu duenez, espedizioa osatu zutenen artean ez zegoen borondaterik pelikula sortzeko: "Gure helburua zen bidaia eta eskalada burutzea, baina gero grabatutako edukiak Aitor Gonzalez zuzendariarekin partekatu genituen eta dokumentala egiteko tartea ikusi zuen".
Egiak jakinarazi du Aresketa Ikastolan filmaren behin-behineko bertsioa proiektatu zuela iaz, zenbait irakaslek eskatuta: "11 urteko 24 umek ikusi zuten eta arreta handiz jarraitu zuten. Uste dut kritiko zorrotzen azterketa nota onez gainditu nuela!".
Halaber, nahiz eta oraindik datak ez dituzten zehaztu, Alonsotegin, Munitibarren eta Galdakaon pelikula eskaintzeko interesa adierazi dute. Eskualdeari dagokionez, Amurrioko Mendiko Lagunak taldeak ere du asmoa badauka emanaldia antolatzeko.