YouTubera matematikari buruzko bideoak sareratzeari ekin diozu. Zer dela eta?
Hainbat arrazoi izan dira ekimena martxan jartzera bultzatu nautenak: birusak sortutako egoera latz honek hezkuntzaren kalitatea kolokan jarri du, eta ikaskuntza metodo berriak sortzeko beharra eragin du.
Izan ere, ikasle asko gelditu dira etxean ikasteko aukerarik gabe, eta batzuek gurasoen laguntza jaso dezakete, baina beste askok ez. Askotan gurasoek lagundu nahi dute baina ez dakite nola. Gauzak hala, bideoa eredu izanez, haien haurren irakaskuntza gida dezakete. Hortaz, ikasleentzako izateaz gain, gurasoek tresna moduan erabili ditzakete.
Gainera, bideo hauek erabilgarriak izan daitezke etorkizun batean irakasleek haien saioetan azalpen gisa erabiltzeko. Hezkuntza doakoa izatea da beste helburuetako bat, gaur egun, Aiaraldean ia denok dugu Youtuben sartzeko aukera.
Zertan datza zehazki egitasmoa?
Jakintza sortu eta partekatzean datza ekimenak, modu dinamiko eta erakargarri batean. Horretarako bideoak sortu ditut, ahalik eta marrazki gehienekin. Laburrak dira, bost minutu irauten dute gehienez. YouTubera igotzen ditut; Whatssapez eta Instagramez baliatzen naiz hauen igoeren berri emateko. Bideoak bi hizkuntzetan igotzen
ditut, euskaraz eta gazteleraz. Lehen aipatu bezala, laguntzea da helburu nagusia eta honela jende gehiagora hel naitekeela uste dut.
Zeintzuk dira egingo dituzun hurrengo bideoak?
Hezkuntzara bideratuta egongo dira. Niri matematikak askok gustatzen zaizkit eta horregatik, orain arte igotako bideo guztiak matematikakoak dira, hurrengoak ere, matematikoak izango dira, gutxienez etorkizun hurbil batean behintzat. Gaitegiak LHko matematikako edukiak ditu hizpide.
Nola egiten duzu bideoak ekoizteko?
Bideoak ekoizteko VideoScribe programa erabiltzen dut. Ez da doakoa baina ez da oso garestia ere, hilabeteko harpidetzak 20 euro inguru balio du. Bideoak moztu eta lotzeko Clideo programa erabiltzen dut, baina honekin ez nago oso pozik, bideoen kalitatea jaisten duela uste dut.
Hala ere, hasi berria naiz bideoen editatzeko kontuetan eta tira, honekin konpondu beharko naiz, momentuz.
Zer harrera izan du ekimenak?
Oso ona! Ni pozik nago behintzat. Badaude jada eskerronak emanez idatzi didaten irakasle batzuk, baita guraso eta ikasleak ere. Ez soilik hurbilekoak, Madriletik eta Leonetik ere heldu zaizkit. Hala ere, momentuz, ezin dezaket asko esan, duela gutxi hasi bainaiz bideoak editatzen eta partekatzen.