Lan egiteko modua erabat aldatu behar izan dute Etxaurren ikastolan

Julen Solaun Martinez 2020ko api. 11a, 07:00

Lan egiteko era aldatu dute Etxaurren Ikastolan. / Aiaraldea.eus

Klasean jorratu beharrekoak era pertsonalizatuan bideratzen ari dira ikasle bakoitzari, haren egoera pertsonalaren eta familiarraren arabera.

Etxaurren Ikastolak, konfinamendua dela eta, klaseak moldatu behar izan ditu. Lehen Hezkuntzako ikasleak zortzi eta hamar haurretako talde murritzagoetan banatu dituzte eta bakoitzak tutore bat dauka (beraz, ikasle askok tutorez aldatu behar izan dute).

Haur Hezkuntzan, berriz, taldeek euren ohiko tamaina mantendu dute, “tutorearekiko gertutasuna” mantentzearren, eskolako zuzendaritzak adierazi duenez.

Tutoreak astero birritan jartzen dira harremanetan familiekin, telefonoa edo bideo-deia baliatuta. Horien bidez, ikasle bakoitzaren egoera pertsonala eta ikasketa egoera baloratzen saiatzen dira asteko lan karga moldatzeko.

Kontuan hartu beharra dago egin beharreko lanak irakasle guztien artean prestatzen dituztela. Baina, etxe bakoitzean egoera bat dagoela kontuan hartuta, betebeharrak kasuan kasu aldatzen dira eta ikasle bakoitzaren egoeraren arabera bideratzen dira. “Eskolak guztiok maila berean jartzen gaitu, baina orain etxean gaude; eta etxe bakoitzak bere egoera dauka”, azaldu dute irakasleek.

Hortaz, “ebaluazio” hitza erabiltzea saihesten ari dira ikasketa zentrotik, “balorazio” terminoagatik trukatuta. “Familia batean gurasoak etxetik kanpo lanean badaude edo etxeko baliabideak onenak ez badira, argi dago ikasle horrek ezingo duela beste batzuen adina egin”, zehaztu du zuzendaritzak.

Gainera, irakasle asko tutore ofizialak ez direnez, ikasle bakoitzaren balorazio orokorra egiten ari dira.

Dena den, “oso ondo” funtzionatzen ari da sistema orain arte, eta ikasle gehienek astero bidalitako lana egiten ari dira, zentroko buruek nabarmendu dutenez. Noski, irakaskuntza erritmoa jaitsi behar izan dutela ere aitortzen dute, “ordubeteko saioak berrogei minutukoak bihurtu dira, besteak beste".

Hala ere, epe luzerako lan egiteko modua bezala planteatzen ari dira eskolatik, alarma egoera ezarri zenetik egoera luzatuko zela aurreikusi baitzuten.

Materialak prestatzerako orduan, hortaz, “lanez gainezka” egon ziren lehenengo astean zehar; berritasuna dela eta, batez ere. Dena den, egoerara moldatu dira dagoeneko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide