Krisi sozioekonomikoari aurre egiteko neurriak “modu ulergarrian” jasotzea eskatu du Aiarako EH Bilduk

Julen Solaun Martinez 2020ko api. 15a, 07:00

Aiarako Udaletxea, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Covid-19aren ondorioz sortuko den krisialdi sozioekonomikoaren kontrako neurriak ahalik eta publiko handienera heltzea nahi du oposizioko taldeak. Udal gobernuak adierazi du horretan lanean dagoela baina behin betiko txostena beranduago aterako duela, laguntza guztiak zehaztuak daudenean.

Krisi sozioekonomikoari aurre egiteko neurriak “modu ulergarrian” jasotzea eskatu du Aiarako EH Bilduk,  herritarrengana hurbiltzeko helburuarekin.

 “Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundia laguntza ildoak iragartzen ari dira, eta horiek bilduma batean biltzea planteatu du oposizioko taldeak, hainbat euskarritan argitaratuta, “ahalik eta herritar gehienei zabaltzeko”.

EH Bilduk, informazioa bideratzeko orduan, modu eskematiko, grafiko eta zehatz baten aldeko apustua egin nahi du, ulergarritasuna bermatzeko. Saraube udal aldizkaria euskarrietako bat izan ahalko litzatekeela ere aipatu dute taldeko kideek prentsa ohar baten bidez.

Dagoeneko lanean
Aiarako Udalak, bere aldetik, ildo horretan lanean dagoela nabarmendu du. "Horretan lanean gabiltza, eta ez EH Bilduk esan duelako", azaldu du Iñigo Pinedok. Alkateordearen arabera, ez du zentzurik une honetan txosten bat egiteak, "dekretuak egun batetik bestera ateratzen ari direlako eta egun batean dekretu batek esaten duena hurrengo egunean beste dekretu batek bertan behera utzi dezakeelako".

Gauzak hala, ezarriko diren laguntzak finkatu arte itxaron nahi du udalak, ondoren laguntza horien analisia egin eta bide-orria diseinatzeko. Orduan baloratuko dute tokiko erakundeak zer laguntza jarri ahalko dituen martxan, "Aldundiak edota Eusko Jaurlaritzak eskainiko dituenak ikusita, horiekiko osagarriak izan daitezen".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide