Emakumeen parte hartzea eta ahalduntzea sustatzeko lidergotza ikastaroa antolatu du Laia Eskolak. Arabako Batzar Administratiboetako emakumeak izango dira hartzaile nagusiak. "Emakume gehiagorekin, gure kontzejuak irabazle", nabarmendu dute oharrean.
Maru Sarasola coaching eta lidergoan aditua izango da hezitzailea. Saioak astero izango dira, 16:00etatik 19:00etara. Izen-ematea doako bada ere, inskripzioak@laiaeskola.eus helbidearen bidez egin beharko dira. Hirugarren aldiz antolatu dute dinamika Araban. Aurtengoan, baina, Arespalditza izango du topaleku.
Genero arrakala handia
Aurten Kontzejuetarako hauteskundeak deituko dira. Horregatik, Arabako 334 kontzejuetan emakumeen presentzia areagotu eta indartuko duen proiektuen alde egin dute AKE (Arabako Kontzeju Elkartea) eta Arabako Foru Aldundiak. Izan ere Arabako Kontzejuetako hautetsien %24.6 soilik da emakumea.
Arabako Kontzejuetako hautetsien %24.6 soilik da emakumea. Aurten izango dira hauteskundeak tokiko erakundeetan
Are, 2017ko hauteskundeetan, toki erakunde horien ia erdiek ez zuten emakume hautaturik izan. Bestelako datuak ere mahaigaineratu dituzte antolatzaileek: "Kontzejuen %54k ez dute inoiz emakume presidenterik aukeratu, eta 1997tik 2017ra, erakunde horietako 48k ez dute emakumerik aukeratu administrazio-batzarretarako.