Gizonezko bat espetxeratu dute Aiaran 20 lapurreta inguru egiteagatik eta objektuak berreskuratzeko prozesua abiatu dute

Aitor Aspuru Saez 2021ko mai. 23a, 10:57
Berreskuratutako objektuetako batzuk. / Ertzaintza

43 urte ditu kartzelaratuak eta berarekin beste susmagarri bat atxilotu zuten Barakaldon, 48 urtekoa.

Ertzaintzak uste du argitu dituela martxoan Aiaran gertatutako hainbat lapurreta. Hain zuzen, maiatzaren 6an Barakaldon bi lagun atxilotu zituen horregatik eta horietako batek, 43 urtekoak, espetxean amaitu du. Pertsona horrek, aurrekariak izateaz gain, beste kartzelaratze agindu bat zuen bere gain. 

Ikerketa

Apirilaren erdialdean Laudioko Ertzain-etxeak identifikatu zuen atxilotutako gizona eta berrestu zuen aurrekariak zituela. Horren ostean hasi ziren bera ikertzen eta poliziak konturatu ziren Bilboko salerosketako denda batean saltzen zituela lapurtutako objektuak. 

Maiatzaren 6an agenteak gizonaren Barakaldoko etxean sartu ziren, eta ondarearen kontrako delituekin zerikusia zuten froga ugari aurkitu zituzten bertan zein bere autoan. Halaber, 48 urteko beste inplikatu bat harrapatu zuen poliziak. 

Lapurretak etxeetan eta Zuhatzako elizan

20 lapurreta inguru leporatzen dizkiete susmagarriei. Horietako batzuen berri eman zuen Aiaraldea Hedabideak martxoan, baina gehiago jazo ziren, bai Aiaran bertan zein kanpoko udalerritan (Gernika, Galdakao eta Elgoibar).

Delitu gehienak familia bakarreko etxetan eta baserritan izan ziren, baina pisutan, tresnak gordetzeko etxoletan eta Zuhatzako elizan ere gertatu ziren. Hain zuzen, balio artistikoa eta kulturala duten objektu liturgikoak lapurtu zituzten han.

Edonola ere, atxilotuek material hauek bilatzen zituzten: zilarrezko, kobrezko eta brontzezko objektuak (esaterako, kafe-jokoak), erremintak (motozerrak, sasiak garbitzeko makinak…), maletak, koadroak edota argazki-makinak.

Objektuak berreskuratzeko prozesua

Ertzaintzak argazki bilduma osatu du lapurretak pairatu dituztenek identifikatu ditzaten atzemandako gauzak. Laudioko Ertzain Etxera jo dezakete interesdunek berreskuratzeko. 

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide