Gorabehera ugariren ostean, Aiarako emakumeak; memoria, aztarnak eta errealitateak liburua aurkeztu zuten igande eguerdian. Hasierako asmoa Etxaurrengo baselizan egitea bazen ere, Luiaondon gauzatu zuten azkenean ekitaldia, eguraldiaren ondorioz.
Ekitaldia bertsolariekin hasi zen, baina berehala hartu zuten hitza liburuaren protagonistek. Inma Roiz idazleak eta euren lekukotza eman duten emakumezko askok partekatu zituzten euren esperientziak: emakume elkarteko kideak, talde feministetako ekintzaileak, Etxaurren Ikastolako Guraso Elkartea, Administrazio Batzarreko ordezkariek... guztiek azaldu zuten euren ibilbidea eta borroka.
Liburuaren sustatzaileek azpimarratu dute testua sortzeko prozesua ere balioan jarri behar dela. Udalerriko emakumeen sare morea osatzeko urrats bat gehiago izan da eta hainbat herri eta esparruetako emakumeak jarri dira elkarren artean harremanetan.
Zentzu horretan, Aiarako Udalak goraipatu du 35 lagunek parte hartu dutela proiektuan eta norbanakoen ahotsez gain, ahalegin kolektiboa mahaigaineratu beharra dagoela.
Emakumeen Etxea kalera
Aurkezpenerako elkarrizketa eredua baliatu zuten. Aiarako Udaleko Berdintasun zinegotziak eta Luiaondoko Administrazio Batzarreko kideek hitz egin zuten lehenbizi, eta liburuan agertzen diren hainbat emakumek hartu zuten hitza jarraian.
Horretarako, Emakumeen Etxeko sofa erabili zuten. Izan ere, udalak aitortu nahi izan du toki horrek duen garrantzia udalerrian emakumezkoak saretzeko eta indarrak metatzeko. Ez zen bide beretik egikaritutako ekintza sinboliko bakarra izan, Aiarako mapa osatu baitzuten Administrazio Batzar guztiekin.
Protagonisten zuzeneko lekukotzak entzun ostean, argazki kolektiboa egin zuten bertaratutakoek.