Txirrindulazaleek zita interesgarria izango dute datorren astean Aiaran, Aiarako Udalaren eta Aiaraldea Komunikabidearen eskutik. 'Aiaraldeko txirrindulariekin solasean' mahaingurua antolatu dute bi erakundeek elkarlanean egun horretarako. 19:00etan izango da zita Aiarako Udalbatza Aretoan. Sarrera doakoa izango da, baina toki kopuru mugatua egongo da, COVID-19aren aurkako segurtasun neurriak ezarriko baitira.
Eskualdeko hiru txirrindularik parte hartuko dute ekimenean: Iñaki Isasi, Lukene Trujillano eta Aritz Arberas. Isasik ibilbide oparoa egin zuen Euskaltel-Euskadi taldean, eta duatloietan murgilduta igaro ditu azken urtean, parte hartzaile zein antolatzaile gisa. Trujillanok Espainiako Junior Txapelketako hirugarren postua lortu zuen joan den uztailean, Arabarrak taldearekin. Aritz Arberas, aldiz, Bahrain taldeko prestatzaile fisikoa da, eta Tourrean, Giroan eta beste hainbat lasterketa esanguratsuetan aritu da.
Zuzenean
Aiaraldea Komunikabidean zuzenean emitituko du mahaingurua bere YouTubeko kanalean eta Aiaraldea.eus atarian.