Aste honetan lortu du Aginagako Larrabe baserrian dagoen gaztandegiak Arabako Idiazabal Gazta Txapelketa irabaztea. 20 urte daramatzate aiararrek Agurainen jokatutako norgehiagoka horretan parte hartzen, eta lehenengo aldiz euren esku izan dute onenak izatea. "Iaz bigarren postua egokitu zitzaigun eta, aldiz, iazko txapelduna aurten bigarren izan da", azaldu zuen atzo Jose Ramon Martinez Elejaldek.
Bera eta bere emaztea, Lourdes Menoyo Mendia, dira gaztaren arrakastaren arduradun nagusiak, baina errazagoa da Jose Ramon ikustea azokaz azoka. Gaztagilea pozik dagoela adierazi du, baina zuhurragoa izan da igandeko Euskal Herriko Idiazabal Gazta Txapelketari dagokionez (izen bereko herrian erabakitzen dena).
Hego Euskal Herriko herrialde bakoitzeko 10 gazta aurkezten dira finalera eta Martinezek uste du korapilatsuagoa izango dela aitortza jasotzea: "Kalitatea handia da baina, horrez gain, gazta ketuek ere hartzen dute parte. Horiekin lehiatzea zaila da eta epaimahaian daudenak produktu mota horren zaleak badira, are gehiago".
Hala ere, pozik joango dira Aginagatik Idiazabalera: "Horrelako hitzorduetan dastatzeak egiten dutenak maila handikoak dira eta asko ikasteko aukera dago. Harrigarria da nola asmatzen duten zein baldintzatan egin diren gaztak".