Datorren urriaren 31rako Oleta Eguna antolatuko du Aiaraldeko Gure Esku Dagok. Erabakitzeko eskubidearen aldeko taldea hainbatetan batu da Aiarako landako dolmenaren inguruan, 2018ko maiatzaren 6ko herri galdeketen atarian, besteak beste. Oraingo honetan, erabakitzeko eskubidearen defentsan indarrak biltzeko baliatuko dute eguna.
Egitaraua
Gutxika badoaz urriaren 31ko egitaraua osatzen. Aurreratu dutenaren arabera, herri bazkaria egingo dute, eta txartelak aurretik egongo dira eskuragarri eskualdeko herri guztietan. Dantza plaza eta herri kirolak ere antolatuko dituzte, baita kontzertu batzuk ere.
'Hamaika gara'
Azken hilabetetan 'Hamaika Gara' egitasmoa jarri du abian Gure Esku Dagok, erabakitzeko eskubidearen aldeko ahalik eta atxikimendu gehien biltzeko. Norbanako zein eragileen babesa bilatu nahi dute, Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea gauzatzearen aldeko jarrera nagusia ikustarazteko asmoz. Besteak beste, Internet bidez sinatu daiteke atxikimendua, esteka honetan.