Aiarako Duatloiak hitzordu berria eskainiko die tokiko zein kanpoko kirolariei bihar. Hain zuzen, 16:15ean Arespalditzako herrigunetik aterako da lasterketa.
Proba norbanakoentzat zein bikoteentzat izango da. Antolatzaileek azaldu dute jadanik 77 lagunek bete dutela inskripzioa eta 100era heltzea espero dutela. Izena emateko epea gaur gauean bukatuko da.
Berez, lasterketak hiru zati izango ditu. Lehenik eta behin, 6,18 kilometro egingo dituzte parte-hartzaileek korrika, 192 metroko desnibelarekin. Gero, beste 15,3 kilometroko ibilbidea izango dute txirrindulaz, kasu horretan 334 metroko desnibela gaindituta. Azken erronka 1,5 kilometroko lasterketa da, oinez, eta 56 metroko desnibela du.
Printzipioz, eguraldi egokia aurreikusi dute. Pasa den astean entrenamendua egin zuten, kirolari interesdunek ibilbidea ezagutzeko.