Laudioko hiltegiaren itxierak Aiaraldeko gainerako udalerrietan ere eragin nabaria du, besteak beste Aiaran, non ardi-aziendaren eta abereen sektorea herriko ekonomiaren erdigunea izan den, eta gaur egun ere pisu nabaria duen. Horrela adierazi dute Aiarako EH Bildu eta Aiara Batuz udal taldeek Laudioko hiltegiaren itxiera salatzeko plazaratutako ohar bateratuan.
Bi talde politikoen iritziz, onartezina da Laudioko Udal Gobernuak azpiegitura itxita mantentzeko azken erabakia, kaltetutako sektorearen iritzia jaso eta abeltzainen hitza kontuan izan gabe hartu delako. "Berehalako itxiera horren ondorioak, gainera, ez dira Laudioko udalerrira mugatzen; aitzitik, eragin larria dute mugakide diren udalerri eta eskualdeetan", adierazi dute bi taldeek.
Hiltegiaren itxierak Aiarako ustiategiek ganadua distantzia handietara garraiatu behar izatea eragingo duela azaldu dute EH Bilduk eta Aiara Batuzek, eta horrek ondorio negatiboak dituela bai animalientzat eta baita ustiategietako ekonomia prekarioarentzat ere. Eragin negatibo horiek are larriagoak direla azaldu dute garraioen gainkostua onartu ezin dute familia-ustiategientzat.
Larrialdi klimatikoa
Larrialdi klimatikoaren aldagaia ere gehitu nahi izan dute Aiarako bi udal taldeek Laudioko hiltegiaren eztabaidara. Izan ere, aurretik azaldu bezala, azpiegituraren itxierak distantzia luzeak egitera behartuko ditu abeltzainak, "larrialdi klimatikoko egoeran aholkatzen diren estrategien kontrako neurria", talde politikoen esanetan.
"Instantzia guztiek eskala handiko neurriak eskatzen dituzte, baina baita eskala txikikoak ere, hala nola gure udalerrietan, errepidez ahalik eta joan-etorri gutxien egiteko, isurketak minimizatzeko, abeltzaintzako ustiategi txikiak babesteko, hurbileko kontsumoa indartzeko... Hiltegia ixteak urrundu egiten gaitu zenbait talde politikok defendatzen omen duten zero kilometroko politikatik", nabarmendu dute EH Bilduk eta Aiara Batuzek.
Eztabaida Udal Osoko Bilkuran
Aiaran iragan urriaren 21eko Udal Osoko Bilkuran eztabaidatu zen Laudioko hiltegiaren itxieraren gaia. 'Hiltegia Ez Itxi' plataformako kideek mozioa aurkeztu zuten azpiegituraren irekieraren defentsan indarrak batzeko helburuarekin. Aiarako EAJren aurkako botoek, ordea, atzera bota zuten plataformako kideen testua. Oposizioko bi udal taldeen esanetan, agerian geratu zen udal gobernuak ez zuela inolako elkarrizketarik izan Aiarako lehen sektorearekin: "ez da onargarria Aiarako ustiategiei eta herritarrei zuzenean eragiten dien erabaki baten aurrean profilean jartzea, eta are larriagoa iruditzen zaigu zuzenean eragindako pertsonekin hitz egiteko biderik ez irekitzea".
Guzti horren aurrean, itxieraren erabakia berriz aztertzea eta kaltetutako sektorearekin elkarrizketa abiatzea eskatu dute EH Bilduk eta Aiara Batuzek, zerbitzuaren etorkizuna bermatzea helburu.