Laudioko Udal Hiltegiaren itxiera

Laudioko Udalak ez du hiltegia irekiko, gaur egungo baldintzekin bideragarria ez dela argudiatuta

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko urr. 21a, 12:21

Laudioko hiltegia 2021eko uztailaren 2tik darama itxita. / Aiaraldea.eus

Prentsaurrekoa eskaini du gaur Laudioko Udal Gobernuak, hiltegia berriro ez irekitzeko erabakia aurkezteko. Tokiko Gobernuaren iritziz, gaur egungo baldintzetan, azpiegitura zaharkitu eta bideraezina da.

Agerraldia eskaini du gaur Laudioko Udal Gobernuak hiltegiaren inguruan azken hilabetetan burututako hausnarketen ondorioen berri emateko. Tokiko Gobernuak zerbitzua berrio abian ez jartzea erabaki du, hau mantentzeko beharrezkoak diren baldintzak betetzen ez direla ulertuta. Laudioko hiltegia uztaila hasieran itxi zuen tokiko erakundeak, hainbat irregulartasun antzeman ostean, eta irailean enpresa kudeatzailearekin zuen hitzarmena deuseztatu zuen. Irailaren 30ean, kontratua berritzeari uko egin ostean, zerbitzua itxita mantentzeko erabakia egin du publiko gaur.

Hiru alorretan jarri dute arreta hartutako erabakia berrezteko: azpiegituraren ezintasunak, azken urteetako kudeaketa okerra eta Laudioko Udalak osotasunean asumitutako finantzaketa eredua.

Azpiegiturari dagokionean, hiltegia 1960an eraikia izan zela gogorarazi du Ander Añibarro alkateak eta, ondorioz, garai horretako kontsumo eta ekoizpen beharrei erantzuten diola: "azken hamarkadetan herriak bizitako hazkundea eta kontsumo ohituren aldaketak, oro har, azpiegitura zaharkitu bilakatu dute Laudioko Udal Hiltegia". Azpiegiturak "eboluzionatzeko oso aukera gutxi" eskaintzen dituela defendatu du Añibarrok, "bere kokapena, eta eraikuntza bera ez dira egokiak gaur egun zerbitzu hori eskaintzeko".

"Eboluzionatzeko oso aukera gutxi ditu hiltegiak, bere kokapena eta eraikuntza bera ez dira egokiak gaur egun zerbitzu hori eskaintzeko"

Hiltegiak dituen beste gabezia batzuk ere zerrendatu ditu alkateak, hala nola urak arazteko ezintasuna edota animalientzako espazio desegokia. Azpiegitura egokitzeko egin beharreko inbertsioa ia milioi bat eurokoa dela azaldu du udalak, "eta horrekin haraztegia instalatu ahalko genuke soilik".

Kudeaketa okerra

Laudioko Udalarena da hiltegiaren kudeaketaren titulartasuna, eta azken urteetan hirugarren pertsona baten eskuetan egon da. Udaletxeko zerbitzu teknikoek antzemandako irregulartasunek, kudeaketa akatsak agerian utzi dituela azaldu du Añibarrok, eta nabarmendu du udalak ezin duela kudeaketa oker bat babestu. Gainera, azkenengo lizitazioan aurkeztutako hautagaien eskasiak hiltegiaren bideragarritasun eza agerian uzten duela adierazi dute.

Finantzaketaren alorrean, hiltegiak defizita sortzen duela azaldu du Tokiko Gobernuak. Añibarrok azaldu du hiltegiaren erabiltzaileen gehiengoa eskualdetik kanpokoa dela, baina gastu eta arrisku guztiak, ordea, Laudioko Udalak asumitzen dituela: "horrek eragin zuzena du udal kontuetan eta laudioarren poltsikoetan". Defizit horren zenbatekoagatik galdetuta, urtean 80.000 eta 50.000 euro arteko gastuan kokatu du, "egin beharreko inbertsioak kontuan hartu gabe".

Hiltegia itxita

Horrenbestez, gaur egungo baldintzak mantentzen diren bitartean, hiltegia itxita mantentzea erabaki du udalak. Baserritar eta harakinek osatzen duten sektorea herriko motore ekonomikoa dela adierazi dute. Horregatik, eta hauek laguntzeko, kreditu lerro batzuk jarriko ditu abian erakunde publikoak Laudioko abereak "zerbitzu moderno eta kalitatezkoa" eskaintzen duten hiltegietara eramateko. Tokiko, kalitatezko eta osasun irizpide guztiak betetzen dituen haragi kontsumo bat defendatzeko apustuan berretsi da udalak, eta Laudioko Hiltegiak horiek bermatzen ez zituela azpimarratu dute.

Laudioko hiltegiak kalitatezko irizpideak eta osasun irizpideak betetzen ez zituela adierazi du Udal Gobernuak

Baserritarren proposamena

Iragan astean proposamena luzatu zion 'Hiltegia Ez Itxi' plataformak udalari: zerbitzuaren beharrezkotasunaren aurrean, baserritarrek osatutako elkarte batek hiltegia behin behinean kudeatzea, hau berriro zabaltzeko modua topatu arte. Udalak adierazi du, gaur gaurkoz ez dutela proposamen horren berririk jaso. Edonola ere, hori ezinezkoa litzatekela azaldu du Añibarrok: "udalak ezin dio elkarte bati azpiegitura bat eman, horrek ez ditu, inondik inora, irizpide legalak betetzen".

Legebiltzarrera jauzia

Aste honetan Eusko Legebiltzarrera egin du jauzi Laudioko Hiltegiaren gaiak. Izan ere, Alderdi Popularrak eta Ciudadanosek mozioa aurkeztu zuten honen irekiera eskatzeko. EAJ eta PSE-EE alderdiek "Sakrifizio zerbitzua eskainiko duen eta kudeaketa pribatua izango duen haragi-instalazio bat sustatzeko eta sortzeko" aukera mahaigaineratu zuten mozioari aurkeztutako helegite baten bidez. Gaur Arabako Batzar Orokorretan ere jorratuko da gaia.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide