Zuk proposatu duzu Amurrion egitea Inauterietako Quidditch txapelketa. Nola bururatu zitzaizun?
Hau izan behar zen Gabonetako Kopa, baina denboraz txarto geundenez, Inauteri Kopa sortu genuen. Hori antolatzeko galdetu nuen Amurrion eta Aiarako Etxaurren Ikastolan. Reforren kirol azpiegitura oso onak dituzte eta baiezkoa eman zuten.
Denbora asko eman duzu Euskadiko Quidditch elkartean?
Ez, lau hilabete edo. Badaukat lagun bat Euskadi Quidditch elkarteko sare sozialak kudeatzen dituena eta horretan laguntzen dut. Horrela hasi nintzen eta elkarte osoa laguntzera pasa nintzen.
Aurretik ez nuen mundu hau ezagutzen. Banekien Quidditchean jokatzen zela, baina inoiz ez nuen jolastu. Nire lagunak gonbidatu ninduen entrenamendu batera eta, egia esanda, ez nintzen itzuli. Gero, ordea, partida batera joan nintzen eta oso gogoko izan nuen. Eskubaloiaren eta errugbiaren arteko nahasketa da. Kontaktu fisiko handia dago, plakaketak egiten direlako, besteak beste.
Lagun arteko partida bada ere, Amurrion egingo dut debuta, orain arte entrenatu baino ez dut egin. Hala ere, Espainiako Selekzioa dago eta eurekin entrenatzera joan ginen. Uste dut laster sortuko dela Euskal Herriko Selekzioa. Ea zer moduz.
"Quidditchean emakume batzuek gizonezkoek baino plakaketa bortitzagoak egiten dituzte"
Zein da zure posizioa zelaian?
Quidditchean hiru posizio daude: chaser -aurrelaria-, beater -atzelaria-, eta keeper -atezaina-. Ni ohikoan chaser naiz. Ez daukat esperientzia handirik, baina oso gogoko dut korrika egitea eta ez naiz gelditzen gola sartu arte.
Nik beti jolastu dut futbolean eta aurrelaria nintzen. Oso txarra nintzen, baina golak egitea gogoko nuen eta quidditchak horretarako aukera ematen dit. Gainera, quidditchean kontaktu handia dago, edonork egin diezazuke plakaketa.
Quidditchean plakaketak egiteko orduan, nola egiten duzue, aintzat hartuta kirol mistoa dela eta emakumezkoek, oro har, gutxiago pisatzen dutela?
Emakume batzuek gizonezkoek baino plakaketa bortitzagoak egiten dituzte. Hortaz, ez diogu horri erreparatzen. Arau batzuk daude eta bete behar dira, besterik gabe. Ez dago ezberdintasunik.
Larunbatean zein izango da zuen plana?
64 lagunek eman dute izena, 5 Kataluniatik etorriko dira eta beste batzuk, dakidanez, Andaluziatik. Jende asko elkartuko gara.
Taldeek 21 kide dituzte eta zelaian talde bakoitzak 7 jokalari jartzen ditu. Dena den, larunbateko asmoa da guztiok elkarrekin nahastuta jokatzea. Jende berria egongo da, Arrasateko lagun bat, adibidez. 10:00etatik 19:00ak arte egingo dugu topaketa.
Amurrioko eta eskualdeko jendea animatu nahi duzu parte har dezan?
Bai, Euskadi Quidditch bilatu dezaten Instagramen, Facebooken edo webgunean, izena eman dezaten. Asmoa da ondo pasatzea eta nahi duenak probatzea. Master Classa egingo da, jende berria etorriko da, eta oso ondo pasako dugu. Ah! Eta ez izan beldur plakaketengatik.
"Larunbatean guztiok nahastuko gara jolasteko. Jokalari zaharrak eta berriak. Batzuek lehenengo aldiz egingo dute. Probatu nahi duenak aukera dauka etortzeko"
Urduri zaude?
Lagun arteko partida da eta horregatik ez nago urduri.
Zeintzuk dira Quidditcharen oinarrizko arauak?
Bi pilota daude jokoan. Beaterrek baliatzen dutena da jokalariak kanporatzeko eta Chaserena, aldiz, golak egiteko. Horrez gain, 17. minutuan snitcha ateratzen da. Honek pilota dauka atzeko aldean eta talde bakoitzak seeker bat ere ateratzen du. Horren helburua da Snitcharen pilota harrapatzea. Gol arruntak balio ditu 10 puntu, baina snitcharena baliogarriagoa da.
Partida bakoitzak, gutxienez, 17 minutuko iraupena dauka, baina, snitcharen arabera, askoz gehiago luzatu daiteke.
Harry Potteren jarraitzailea zara?
Ez. Filmak ikusi ditut, jakina, baina ez naiz jarraitzailea. Aintzat hartu behar da, dena den, quidditchak jadanik 20 urte dauzkala eta izena aldatu nahi diotela, J. K. Rowlingen hitz transfoboengatik aldentzeko. Agian badaude jokalariak Harry Potteren zaleak direnak, baina ez du zertan horrela izan. Ez da nire kasua, ezta nire lagunarena ere.
Transfobiaren aurkako diskurtso oso argia daukazue, gainera.
Jende askok daki quidditchaJ. K. Rowlingen asmakizuna izan zela, baina guk ez dugu nahi bere ideia transfobo horiek kirolarekin lotzea. Quidditcha beti izan da berdinzalea, bakoitzak bere generoa dauka eta ez da binarioa izan behar.