Margoketa bat egin dute iragan hilabetean Aiarako Udalak estreinatutako 'bizi puntu'-etako batean. Tokiko erakundeak eman du gertatutakoaren berri: "Joan den urtarrilean jarri eta inauguratu zen Luiaondoko bizikletak konpontzeko eta garbitzeko geltokia pintaketa batekin esnatu da. Margoketa horrek kalte egiten dio udalerriko bizilagunekin eta bisitariekin erakutsi nahi duen irudi garbi eta zainduari".
"Margoketa horrek kalte egiten dio udalerriko bizilagunekin eta bisitariekin erakutsi nahi duen irudi garbi eta zainduari"
Horren aurrean, udalak nabarmendu du baliabide publikoak "zikindu eta txikitzen" dituztenek "ez dutela lekurik" Aiaran. "Udala ahalegin handia eta ilusioz beteriko lana egiten ari da udalerrian ditugun azpiegiturak hobetzeko eta eguneratzeko, eta pena handia da pertsona batzuek horiek ez errespetatzea eta zikintzen eta kaltetzen aritzea", argudiatu du Gentza Alamillo alkateak. Horren aurrean, udalerriko azpiegiturak zaintzeko gonbita luzatu die gobernuburuak herritarrei, "guztionak direlako".