Espainiako Trial Txapelketaren norgehiagoka egin zen Galizian apirilean. Eneko Martinezek lehen postua erdietsi zuen bertan, bi egunez lehiatu ostean. "Lehen egunean sentsazio ezberdinak izan nituen. Arrokazko gune batean aritu ginen, heltze zein altura handikoa, eta ez nago horretara ohituta", azaldu du motor-gidari murgarrak, "kostatu zitzaidan ohitzea, baina buruan egon nintzen, eta hirugarren postuan amaitu nuen, 5 orduko lasterketaren ostean".
Bigarren eguna hobea izan zen gazte aiaraldearrarentzat. Aldaketa batzuk egin zituen motorrean, eta horrek aukera eman zion lasterketa hasieratik kudeatzeko. "Sentsazio oso onak izan nituen, lasterketaren buruan igaro nuen egun osoa, eta lehen postua erdietsi nuen horrela".
Kirolaria "oso pozik" azaldu da lortutako markarekin. Gironan izango du hurrengo zita, ekainean. "Txapelketa lideratzen iritsiko naiz bertara, inoiz baino gogo gehiagorekin", ziurtatu du.