"Jaien ekintza guztiak aire librean egingo ditugu Salmantonen"

Aitor Aspuru Saez 2022ko uzt. 13a, 17:57

Familia giroko jaiak izanda ere, jende guztia gonbidatu du Bergarak Salmantonera.

MAITANE BERGARA (Salmanton) Santa Marinako jaien antolakuntzan dabil sartuta buru-belarri eta aurtengo egitarauaren nondik norakoak azaldu ditu. Bi urteko etenaldiaren ostean, aire librean egingo dituzte ekintza guztiak.

Nolakoa izan da aurtengo jaiak antolatzeko prozesua?
 
Apirilean hasi ginen hitz egiten, erabakitzeko zer egingo genuen aurten, normaltasunera itzultzen ari ginen eta, gutxi gorabehera. Bagenituen gogoak jaiak berriro antolatzeko.
 
Gauzak horrela, ospakizunak antolatzen ditugunok, hamaika lagun inguruk, egin genuen bilera eta festa uztailaren 17an eta 18an egitea adostu genuen, beti bezala.
 
Berez, maiatzean hasi ginen ekintzak zehazten eta osasun egoeraren ondorioz, zenbait jarduera ez egitea erabaki genuen. Adibidez, mus txapelketa ez dugu egingo. Esan bezala, maiatzean positiboak ugaritzen ari ziren, eta horrela ekidin dugu jendea elkartzea leku itxietan. Finean, aire librean egingo dugu egitarau osoa.
 
 
Aurtengo egitarautik zer nabarmenduko zenuke?
 
Beti bezala, mendi ibilaldia eta igandeko odoloste jana. Hori da aipagarriena. Izan ere, igandean ospakizunak egon arren, antolatzaileok ere lan egin behar dugu eta eredu sinpleagoa proposatu dugu, DJ batekin arratsalde eta gau parteko erromeria gozatzeko.
 
Mendi ibilaldiak zein leku zeharkatuko ditu?
 
Bederatzi kilometroko ibilbidea izango da. Eskolatik abiatuko gara, han jartzen dugu txosna ere. Lastratik igoko gara Oletara eta 'Korapiloen iturrira' joko dugu, gero jaisteko. Ibilbide zirkularra egingo dugu.
 
Salmantonen nabaritu duzue jairik gabe egon zaretela?
 
Bai, lehenengo urtea pena handia izan zen, ezin baikinen batu. Jai hauek oso familia girokoak dira eta etxeetan elkartu ez izanak sentsazio mikatza utzi zigun.
 
Iaz aukera izan genuen ospatzeko, baina bakoitza bere etxean bere senide gertukoenekin.
 
Espero dugu jendea animatzea apurka-apurka normaltasunera itzultzen eta galdutakoa berreskuratzen.
 
Zentzu horretan, uste dut igandean errazagoa dela jendea etortzea. Izan ere, Zuhatzako Jai Batzordearekin koordinatzen gara egitarauek bat egin ez dezaten.
 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide