SANTA MARINA JAIAK

"Zuhatzan mariatxiak, rantxerak eta dantzak oso gogoko ditugu"

Aitor Aspuru Saez 2022ko uzt. 13a, 19:02

Aitziber Alavak egitarau anitza eta oparoa prestatu dutela azaldu du.

AITZIBER ALAVAk azaldu du Zuhatzako Jaietan norberak bere 'unetxoa' bilatzeko aukera izango duela ondo pasatzeko. Egitarauaren ekintza bakoitzaren zentzua azaldu du.

Nolakoa izan da jaiak antolatzeko aurtengo prozesua?

Orain dela bi urte ez genuen jairik izan, pandemia dela eta. Iaz zerbait xumeagoa egin genuen, pentsatuta festak noizbait itzuliko zirela. Gauzak horrela, egin duguna izan da duela bi urteko planteamenduari eustea.

Gainera, ekintza ugari kontratatuta zeuden. Iazkoa izan zen beroketa eta aurtengoa jada pentsatuta zegoenez, oso erraza izan da prestatzea.

Aurtengo egitarauan zer da zure ustez aipagarria?

Dena (barreak). Sanferminetan egon naiz eta han esaten dute "unetxo" asko dituztela. Hemen gauza bera gertatzen da.

Adibidez, larunbatean kanpaikadek hasiko dute egitaraua. Nostalgia gogoko dutenentzat oso berezia da hau. Zuhatzan betidanik egon dira kanpai-joleak eta albiste onak jakinarazteko erabiltzen ziren kanpaiak. Polita da hori gogoratzea.

Pezukeraren agerpena ere da garrantzitsua, Zuhatzako guztiak pezukeroak gara eta. Mendi ibilaldian guztiok batuko gara, eta mendiak zaindu beharra dago. Ibilbide laburra izango da, Menagarairaino joango gara eta Zuhatzara itzuli. Lasaia izango da eta edonork egiteko modukoa. Gainera, tokiko produktuen saskia zozkatuko dugu. Saria jasotzen duenarentzat bereziagoa izango da.

Gero paella jateko batuko gara. Oro har, 110 edo 120 lagun elkartzen gara. Aurten ez dakit beroak eragina izango duen.

Santa Klara Abesbatzak Hitz solteak ikuskizuna prestatu du bazkalosterako. Gaztetxoek osatzen dute taldea eta haiek antolatzen dute. Ezustea izango da, ez dakigu zer egingo duten. Aurreko urteetan olerkiak irakurri dituzte, antzerkia egin dute, txotxongiloak... Proiektorea eskatu dute, baina hori da dakigun guztia.

Umeentzako puzgarriak eta apar festa egongo dira, tenperatura jaisteko beharrezkoa izango dena. Gero Kiki pailazoak Parranda tutiplen ikuskizuna eskainiko du eta espero dugu denok dantza egitea.

Horren ostean parrillada egingo dugu eta amaitzeko Puro Relajok joko du. Aspaldi genituen kontrataturik eta oholtza oso handia eskatu dute. Orozkokoa ekarriko dugu horretarako. Talde hau birritan egon da Zuhatzan eta azken urtean esan genuen: "hurrengoan ere bai".

Dena den, talde handia bilakatzen ari da eta beste maila batean dago. Suposatzen dugu jendetza erakarriko dutela. Guk gogoko ditugu rantxerak, mariatxiak, dantzatzea...

Gero zuzenean salto egingo dugu astelehenera, Santa Marinara. Salmantonek eta Zuhatzak ospatzen dugu. Meza izango dugu bere ohorez eta gero Itzalde abesbatzak abestuko du. Okondo eta Zuhatzakoak dira kide gehienak, nahiz eta Orozko, Laudio edo Amurrioko jendea ere egon.

Bukatzeko Iñaki Otegirekin erromeria izango dugu eta gero ohiko zozketa.

Zer nolako giroa dago herrian jaien atarian?

Urduritasun puntua badago, beroa dela eta. Ea itzala dugun guztiontzat eta jende oro gustura dagoen.

Dena den, ekintza guztiak daude lotuta eta jende berria batu da. Talde polita dago eta beldurrik ez.

Zein da zure unetxo kuttunena jaietan?

Nik oso gogoko dut jasotzea. Azken unea. Ez bakarrik Zuhatzan. Jendea joaten da eta gure arteko iruzkinak hasten dira: zer gertatu den... Izan ere, txosna barruan bazaude, ez dakizu zer gertatu den kanpoan, eta alderantziz.

Une horretan guztiok gaude nekatuta, baina pozik, eta gertatukoaren berri ematen dugu. Une polita da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide