60 pertsona inguru bertaratu ziren atzo goizean Babioko burdin aroko herri harresituko aztarnetan barrena eginiko bisita gidatura. Aranzadi zientzia elkarteko kideek antolatu zuten ekimena, bertan baitaude egunotan, indusketa kanpaina berria gauzatzen.
Jon Obaldia pozik azaldu da bisitak izandako harrerarekin,”oso arrakastatsua” izan dela iritzita, eta une honetan gauzatzen ari diren indusketen nondik norakoak azaldu ditu. “Abuztuaren 13ra arte egongo gara indusketak egiten. Orduan amaituko dugu landa lana, eta laborategira igaroko gara gero, berreskuratzen ditugun materialekin”, zehaztu du arkeologoak. Aurreratu duenez, hainbat gauza atera dituzte lurpetik dagoeneko: “brontze zatiak, animali hezurrak edota eskuz eginiko zeramikak, besteak beste”.
Herriaren defentsa sistema aztergai
Indusketen laugarren urtea da aurtengoa, “bost urteko ikerketa prozesuaren barruan”. Defentsa sistema ikertzen jarriko dituzte indarrak datozen egunetan. "Bi harresi ditu herriak, eta bien barruko hormak ikertzen ari gara”, zehaztu du Obaldiak, “zenbait zundaketa egin ditugu, harresiak zer nolako kontserbazio maila daukan aztertzeko”. Harresiaren oinarriraino iritsi nahi dute horrela, bertatik ikatz laginak atera, karbono 14aren proba egin eta datazio bat lortzeko. “Modu horretan jakingo dugu bi harresiak aldi berean eraiki ziren edo, kontrara, bata bestea baino zaharragoa den”.
Horrez gain, beste bi zundaketa handi egiten ari dira goiko eta beheko sarbideetan. Izan ere, iaz poterna bat (harresietan dagoen sarbide mota bat) topatu zuten goiko harresian. Badirudi goiko sarreraren nondik norakok azaleratu dituztela dagoeneko, eta behekoa ikertzeari ekingo diote datorren astean. Modu horretan, burdin aroko herri harresitu horrek zeukan sarbide sistema ekarri nahi dute argitara.
Hortaz gain, hainbat prospekzio egiten ari dira, “herriko nekropoliaren bila”.
1981. urtean topatu zituzten herriaren aztarnak, eta ordutik hona hainbat arkeologia kanpaina egin dituzte aztarnak azaleratzeko. Urtero antolatzen dituzte bisita gidatuak, azken aurkikuntzak jendarteratzeko helburuarekin.
Argazkiak: Aranzadi zientzia elkartea