Txirrindularitza gogoko duten herritarrek hitzordua izango dute Luiaondon larunbatean. Bi jarduera egingo dituzte herriko kirol pista gorrian. Lehenik eta behin, 10:00etan familientzako bizikleta ibilaldia abiatuko dute. Arespalditzara joan eta itzuliko dira eta asmoa da 13:00etan berriro abiapuntuan egotea.
Bidean jarduera berezia izango dute. Izan ere, Udalak instalatutako bizi-puntuetan dauden tresnak (bihurkinak. giltza ingelesa, giltza finkoak, giltza txikiak eta pneumatikoen estalkiak desmuntatzeko eta muntatzeko beharrezkoak diren beste tresna batzuk) nola erabiltzen diren azalduko dute. Txangoa eta trebakuntza 13 urtetik gorako herritarrentzat izango da.

6 eta 12 urte bitarteko umeek ere izango dute zer egin, 11:00etan bizikleta ginkana antolatuko baitute. Gainera, opariak banatuko dituzte parte-hartzaileen artean. Kaskoa baliatzea izango da derrigorrezko baldintza bakarra.