Patxita Etxean liburutegia, ikasgela eta erabilera anitzeko aretoa prestatzeko lanak esleitzeko epea amaitzen ari da. Izan ere, deialdia urriaren 31n amaituko da eta, guztira, 607.462,56 eurokoa da.
Tokiko erakundeak berriro egin behar izan du deialdi hori. Izan ere, martxoan 407.000 euro inguruko aurrekontuarekin argitaratu zuen eta enpresek ez zuten eskaintzarik egin. "Prezioen igoeraren eta inflazioaren ondorioz dena da askoz garestiagoa gaur egun", aipatu du Gentza Alamillo alkateak.
Azpiegitura berrien beharra
Alkateak berak azaldu du lanen helburua dela "liburutegia, ikasgela eta erabilera anitzeko aretoa prestatzea eraikinean". Berez, Alamillok adierazi du: "Biztanlegoaren hazkundearen ondorioz, ditugun azpiegiturak ez dira nahikoak herritarren beharrak asetzeko. Otueta Gizarte Etxea gero eta gehiago betetzen da. Hortaz, Patxita Etxean osasun zentroaren gainean, lehen solairuan eta ganbaran, bi ekipamendu berri horiek sortu nahi ditugu. Bat gazteek tokia izan dezaten ikasteko eta bestea ekintza ezberdinak antolatzeko".
Erakundearen asmoa da urtea bukatu baino lehen lanak abiatzea eta gehienez sei hilabetetan amaitzea. Egitasmoa duela hiru urte egin zuen publiko Udalak eta geroztik bere helburuak aldatu dira.