El conquistador del fin del mundo ETB2ko saio arrakastatsuaren edizio berriko lehenbiziko atala emititu zuten atzo gauean, eta bertan aurkeztu zituzten lehiakideak. Aiaraldeak ere ordezkariak izango ditu: Oihane Zulueta Vazquez kexarra eta Miriam Ojembarrena amurrioarra.
Zale eta ikusle ugari ditu proiektuak, eta aurtengo lehiaketari berrikuntza ugari gehitu dizkiote. Besteak beste, orain arte 3 talde zeuden lehiatzen, eta 2023ko ekimenean 4 izango dira. Oihane Zulueta Vazquez talde berdean ariko da, Atabey izenekoan; eta Miriam Ojembarrena Guaban deiturikoan, talde horian.
"Baldin banoa irabazteko da", azpimarratu zuen Oihane Zulueta Vazquez aiararrak 'casting'-eko bideoan. "Nahiko antsiaduna naiz, urduria, eta guzti hori askatzea behar izaten dut". Abentura ekimenean parte hartu aurretik, bere hautagaitza defendatu zuen, aurkezpen bideoan ikusgai dagoena: "Borrokalaria naiz, gauza asko pasa ditut. Eltxoak, gosea... gaizki pasako dudala badakit". Lanbidez fisioterapeuta da Zulueta Vazquez, eta 36 urte ditu.
Miriam Ojembarrenak, aldiz, 22 urte ditu eta indartsu hasi du abentura. "Oso gogorra naiz psikologikoki, aguantatzen dakit, nahiz eta ahultasunak ere izan", aitortu zuen hasierako elkarrizketan.
Miriam Ojembarrena eta Oihane Zulueta, ordea, ez dira azken hilabeteetan ETBren multiabentura realityetan parte hartu duten aiaraldear bakarrak. ETB1 kateak Naufragoak txapelketa burutu zuen lehenbizikoz iaz, eta Iñaki Olabarrieta 'Jabata' arrankudiaga-zolloarra izan zen garailea. Horrez gain, Shashel Calderon laudioarra ere ibili zen lehian.