Ekitaldia egingo dute Luiaondon lan heriotzak salatzeko

Jone Gartzia Gerra 2023ko urt. 11a, 11:00

2023ko lehen lan heriotza Izarran izan da, Kutxabanken bulego batean, eta behargina laudioarra zen. / Aiaraldea.eus

Aiaraldeko Greba Batzordeak elkarretaratzea deitu du igande eguerdian Luiaondoko udal bulegoaren parean. ‘Zuen aberastasuna, gure hildakoak!’ lemapean, lan heriotzak bistaratzeko kontagailua inauguratuko dute herrian.

Igandean 12:30ean jarri dute zita Luiaondoko udal bulegoaren parean, lan heriotzak ikusarazteko kontagailua inauguratzeko. Azken hilabeteetan Amurrion, Laudion eta Orozkon jarri dituzte kontagailuak, eta Urduñan ere jarriko dute laster.

Ekitaldiarekin lan heriotzak salatu nahi dituzte Greba Batzordeko kideek. Izan ere, taldeak zabaldu duen informazioaren arabera, 2022an 69 langile hil ziren Euskal Herrian lanean ari zirela. Horietako 9 Araban izan ziren, azkena 2022ko abenduaren 7an, Iruraiz Gaunan, istripu ez traumatiko baten ondorioz.

Tamalez, 2023an ez da joera aldatu, eta kontagailua ezingo dute zeroan jarri; astelehen honetan bertan -urtarrilaren 9an- 53 urteko Laudioko behargina hil baitzen Izarrako Kutxabankeko bulegoan, hau ere lan istripu ez traumatiko baten ondorioz. LAB sindikatuak jakinarazi duenez, goizeko lehen orduan izan zen ezbeharra, langilea bulegoan bakarrik zegoela. Sindikatuak argitara eman duen informazioaren arabera, 2022an 23 izan ziren heriotza ez traumatikoak Euskal Herrian, “arazo kardiobaskularrak eragiten dituzten faktore laboralak tarteko”.

LABen arabera, “ez da kasualitatea Kutxabank bezalako enpresetan arrisku faktore hau areagotu izana”. Bere pribatizazioak langileen lan baldintzetan eta bizi kalitatean eragin duela salatu du, besteak beste, gutxienez bi langile egoteko segurtasun neurria bertan behera utzi baitute, “gastuak gutxitzeko”. “Posible da neurri hori ezabatu ez balitz, gaur heriotza baten aurrean ez egotea”, adierazi du sindikatuak ohar bidez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide