Kexaako monumentu multzoa kudeatzeko ideia lehiaketa egingo du Arabako Foru Aldundiak

Jone Gartzia Gerra 2023ko ots. 13a, 14:00

Eusko Jaurlaritzak 2019an babes bereziko kultura ondasun izendatu zuen multzoa. / araba.eus

Joan den ostiraleko Batzar Nagusietako Presidentzia Batzordean Kexaako monumentu multzoa izan zuten hizpide. Ahaldun Nagusiak multzoa “elementu dinamizatzaile eta eragile” bilakatzeko ideia lehiaketa bat abiatu duela iragarri zuen; eta Elkarrekin Podemos-IUk “planifikazio eta antolamendu eza” leporatu zion.

Urte amaieran onartu zuen Arabako Foru Gobernu Kontseiluak Kexaako monumentu multzoa eta zenbait erlikia eta erlijio-objektu erosteko 2.694.000 euroko inbertsioa. Joan den ostiraleko -otsailak 10- Batzar Nagusietako Presidentzia Batzordean, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak iragarri zuen Arabako Foru Aldundiak ideia lehiaketa abiatuko zuela multzoa “elementu dinamizatzaile eta eragile” bilakatzeko. Bilkura berean, baina, Elkarrekin Podemos-IUk planifikazio eta antolamendu eza leporatu zion foru erakundeari.

Foru Aldundiak, bere aldetik, aurreratu zuen dagoeneko ideia lehiaketa bat diseinatzen ari dela “monumentu multzoak Eskualdearen elementu dinamizatzaile eta eragile gisa balio beharko duen prozesu batean lehen urratsak eman ahal izateko”. Aste honetan bertan formalizatu ditu ahaldun nagusiak salerosketako eskritura publikoak eta epe labur eta ertaineko estrategia jarri du martxan.

Lehenengo neurri gisa, monumentu multzoko elementu guztien egoera eta identifikazioa aztertu nahi dituzte, urgentziazko ekintzei heldu ahal izateko eta haien kontserbazioa ziurtatzeko. Horrez gain, Kapera, Aiarako jaun-andreen eta familiaren hilobia eta Dorrea bisitagarriak izan daitezen egin beharreko jarduketak aurreikusi dituztela azaldu du.

Gonzalezek argitu zuen Aldundiaren asmoa gune horiek urtea amaitu baino lehen irekitzea dela. Halaber, diputatuak jakinarazi zuen egun Elizbarrutiko Arte Museoan dauden obrak berreskuratzeko lanean ari direla, "jatorrizko kokalekuan ikus daitezen”.

Elkarrekin-Podemos-IU koalizioarentzat “ez da batere logikoa Aldundiak Kexaako Monumentu Multzoa 2,7 milioiren truke eskuratzeak planifikaziorik gabe, zein erabilera emango dion zehaztu gabe eta mantentze- eta birgaitze-gastuak zenbatekoak diren jakin gabe”. Elkarrekin Podemos-IUk gaineratu zuen “oraindik badaudela foru jabetzako beste eraikin batzuk, erabilera zehaztuta ez dutenak, hala nola Izarrako ikastetxea”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide