Kexaara itzuliko dira 2010az geroztik Gasteizko Arte Sakratuaren Museoan gordetako XIV. mendeko pieza artistikoak. Arabako Foru Aldundiak abenduan erosi zuen Kexaako monumentu multzoa eta, horrekin batera, espazioa birgaitzeko prozesua abiatu du, baita azpiegituren kudeaketa definitzeko ideia lehiaketa ere. Prozesu horren barruan kokatu dute Gasteizera eramandako piezak monumentu multzoan berriro ere integratzea.
XIV. mendeko lau pieza
Segurtasun arrazoiengatik, 2010ean lekualdatu zituzten XIV. mendeko lau piezak Gasteizko katedral berrian dagoen Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museora. Adatseko Andre Mariaren erlikia-ontzia, veneziar kopoia eta Kristo marinelaren eta San Joan Bataiatzailearen tailak dira lau pieza horiek; Kexaako Monumentu Multzoko kultura-ondasun kalifikatu eta banaezin gisa izendatuak. Lau piezak El Tesoro de Quejana izeneko bilduma baten barruan egon dira orain arte ikusgai Gasteizen.