Pasa den ostegunean Aiarako Udalbatzak onartu zuen Patxita Etxetik -anbulatorioa hartzen duen eraikinetik- gertu dagoen lursaila Luiaondoko Administrazio Batzarrari lagatzea.
Erabaki horren helburua da Luiaondok padel kantxa erakitzea bertan. Kirol azpiegituraren ezaugarriak ez daude oraindik zehaztuta, baina eremuak 900 metro karratu inguru ditu.
Gentza Alamillo Aiarako alkateak azaldu duenez, Administrazio Batzarrak berak garatu eta ezaugarritu beharko du proiektua.
Aipatu beharra dago Laudion dagoen padel kantxa oso erabilia dela kirolarien artean eta berriki Udalak sistema informatizatua ezarri duela erreserba egiteko.