Aiarako sei herritako erreferentziazko ospitalea berriz Gurutzeta izatea eskatu dute

Txabi Alvarado Bañares 2023ko mar. 10a, 21:00

Elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Añes, Lexartxu, Kostera, Erbi, Lanteno eta Erretes Lantenoko hainbat bizilagunek Amurrioko osasun zentroaren aurrean, eta ostiralero errepikatu nahi dute. 

Euren erreferentziazko ospitalea berriz Gurutzeta izatea eskatu dute Añes, Lexartxu, Kostera, Erbi, Lanteno eta Erretes Lantenoko hainbat bizilagunek gaur eguerdian Amurrioko osasun zentroaren aurrean. 

Salatu dutenez, iazko ekainean iritsi zitzaien gutuna, aurreratzean Usansoloko Ospitalera joan beharko zirela esateko. “Orain arte, gure medikua (eta Soxoko herritarrena) Artziniegan egon da, espezialistengana jotzeko Enkarterrietara joan behar genuen eta Gurutzetako erietxea zen gure erreferentziazko gunea”. Orain, aldiz, Arespalditzan izango dute medikua (Soxok salbu), baina nabarmendu dute hori ondo iruditzen zaiela. Ospitale aldaketa da kexak eragin dituena. 

Bi arrazoi nagusi plazaratu dituzte. Alde batetik, azaldu dute garraio publikoa “oso eskasa” dela Usansolora. “Bertara joateko ia ordubete baliatu behar dugu. Gurutzeta, aldiz, ordu erdira dago”. Gainera, aparkatzeko arazoak ere aipatu dituzte. “Usansolon ezin da autoa utzi. Pertsona bat kotxez baldin badoa gidari batekin joan behar da. Gainera, gure herrietako jende gehiena nagusia da, eta ez du mugikortasun askorik”. 

Gogorarazi dutenez, duela hamar urte inguru ere saiatu ziren aldaketa egiten, baina bertan behera utzi zuten azkenean, hainbat kexen ostean. Oraingoan, aldiz, azken sei hilabeteak igaro dituzte aldarrikapenak bide formaletatik egiten, erakunde publikoei eskaera eta gutunak bidaliz. Baina ez dute esperotako emaitza lortu, eta horregatik igaro dira kalean protestatzera. Aurreratu dutenez, ostiralero mobilizatzeko asmoa dute, ordu eta toki berean. 

Mugikortasuna aldarri

Usansoloko ospitalera iristeko zailtasunek aldarrikapen ugari sorrarazi dituzte eskualdean. Aiaraldeko Pentsiodunen Mugimenduak mozioak aurkeztu ditu hainbat udaletan, bertaraino joateko autobus zerbitzu zuzena eskatzeko. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide