Aurtengo Zuhaitz Egunaren egitarauaren barruan, eskolaz kanpoko ekimena deitu du Aiarako Udalak eta horretarako Maroñoko elizara joko dute interesdunek larunbatean 10:15ean.
Han Enrique Arberas biologoak bi edo hiru kilometroko ibilaldi zirkularra eskainiko du, adin guztietako publikoarentzat (bai umeak zein helduak). Oinetako erosoak eramatea gomendatu dute antolatzaileek.
Arberasek proposatuko du basoak bestelako ikuspegiarekin ezagutzea. Alde batetik, hainbat ogibide hartu duten eremu gisa, baina baita zuhaitz bereziak gordetzen dituzten toki gisa ere. Horrela, Arberasek aurreratu du sorpresak egongo direla bidean.
Maroñoko basoen ondarea landuko du Arberasek ikuspuntu botanikoa, kulturala eta emozionala baliatuta
Zentzu horretan, irizpide botanikoak baliatuko ditu Maroñon dauden zuhaitz bereziei buruz aritzeko, baina sentimenduen aldea ere landuko du. "Guztiok daukagu zuhaitzen bat guretzat berezia dena eta gure baitan eramaten duguna: noizbait aterpea izan delako, gure lehenengo muxua han eman genuelako, gure seme-alabaren jaiotza egunean edo senide bat zendu zenean landatu zelako..." azaldu dio biologoak Aiaraldea Komunikabideari.
Atlantikoko erkameztia izango da paseoko protagonista. "Bitxia da, ezaugarri mediterranearrak dituen basoa baita eta erkametzak dira nagusi. Edonola ere, eremu kantabriarrean sortzen da, Aiaran eta inguruan" argitu du Arberasek.
Ingurumenari eta kulturari buruzko tokiko egilea
Enrique Arberas aiararrak hainbat liburu idatzi ditu azken urteetan Aiaraldeko haginei, perretxikoei edota Maroñori buruz, eskualdeko natura eta kultura ondarearen berri emateko. Izan ere, bere ustez, "bakarrik zaintzen da ezagutzen dena".