Osakidetzako lehen mailako arretako zerbitzuen berregituraketak eragina izan du Aiarako zenbait kontzejuetako biztanleengan. Hain zuzen ere, Añes, Lexartxu, Kostera, Erbi, Lanteno eta Erretes Lantenoko bizilagunek Ezkerraldea-Enkarterri Gurutzeta ESI barruan egotetik Barrualde-Galdakao ESIra igaro dira.
Neurriak aldaketak eragin ditu kontzeju horietako biztanleen egunerokoan. Lehen Gurutzetako Ospitalean artatzen zituzten Administrazio Batzar horietako bizilagunak, eta Zallako Osasun Zentrora jo behar zuten kontsulta jakin batzuk egitera. Orain, ordea, Usansoloko Ospitalea dute erreferentziazko gune, eta Laudioko Osasun Zentrora jo behar dute.
Añes, Lexartxu, Kostera, Erbi, Lanteno eta Erretes Lantenoko herritarrek protestak abiatu dituzte, Gurutzetako Ospitalean artatuak izatearen alde. Izan ere, kontzeju horietatik, garraio publikoak lotura oso gutxi ditu Galdakao-Usansoloko Ospitalera eta, gainera, ospitale horretan kotxeak aparkatzeko azpiegitura ere murritza da, salatu dutenez.
Gentza Alamilloren eskaera Osakidetzari
Egoera horren aurrean, Gentza Alamillo Aiarako alkatea Osakidetzako ordezkariekin bildu dela adierazi du Aiarako EAJk. Alamillok Osasun Saileko ordezkariei eskatu die sei kontzeju horietako bizilagunek Gurutzetako Ospitalera jotzeko aukera izatea.
"Aiararren bizi-kalitatea hobetzeko asmoz, bilera bat koordinatu genuen, eta bertan izan ziren kontzeju horietako ordezkariak, Osakidetzakoak eta udalekoak. Era berean, gure bizilagunen garraio-premia horiei erantzuteko lanean ari gara, pentsiodunen kolektiboaren garraio hobekuntzaren arloko eskaerak babestuta egin genuen bezala", adierazi du Aiarako alkateak.
Berregituraketaren onurak
Lehen mailako arretan egindako berregituraketak, ordea, zenbait onura ere ekarri dizkie aiararrei, EAJren aburuz: "Kontzejuetan bizi diren bizilagunei zerbitzu handiagoa eta hobea ematen ari zaie orain Aiarako udalerrian".
Aldaketa nabarmenena da Aiara profesional mediko bakarra izatetik bi izatera igaro dela. Aurrerantzean mediku bana egongo da Arespalditzako eta Luiaondoko kontsultegietan. Gainera, Soxoko biztanleak Artziniegako kontsultegian artatuko dituzte.