Bilera egin zuten Aiara Batuzeko kideek iragan ostegunean, eta bi erabaki garrantzitsu hartu zituzten bertan: maiatzaren 28ko udal hauteskundeetara aurkeztea eta Iratxe Parro Uzquiano izatea taldearen alkategaia.
Aiarako administrazio batzarren eta elkarteen alde lanean jarraitu nahi du talde politikoak, “haientzako hobekuntzak eta laguntza bultzatzen jarraitzeko”.
“EAJren gehiengo osoa haustea” izango da Aiara Batuzeko kideen helburua. Salatu dutenez, “lau urte hauetan EAJk ez ditu gainerako alderdiak entzun, EAJ alderdiak agindu edo planifikatu duena egin du, udalerrirako egokia zen ala ez aztertu gabe ere. Euren lehentasuna alderdia da, eta Aiara dela garrantzitsuena esanez ezkutatzen dute”.
Horregatik uste dute jeltzaleek Udalean eginiko kudeaketa “interes alderdikoiek” markatu dutela, “ez Aiarak eta Aiaralderako egindako kudeaketa errealak”. Horren aurrean, Aiararen alde “borrokatu eta kudeatzeko” beharra jarri dute mahai gainean, “bertan bizi den jendearen alde, garapen zainduaren eta mimatuaren alde, Aiaran dagoen aniztasuna kontuan hartuta”.
Ekarpenak jasotzeko deia
Aiara Batuzeko kideek gogorarazi dute eurena talde irekia dela, “gaiak guztion artean eztabaidatzen direla eta ekarpen guztiak ongi etorriak direla”. Gauzak hala, helbide elektroniko bat jarri dute eurekin harremanetan jarri nahi duen ororen eskura: aiarabatuz@gmail.com.
Aiara Batuzen albistearekin, ia erabat osatuta dago Aiarako mapa politikoa udal hauteskundeetarako. EAJk otsailean jakinarazi zuen Gentza Alamillo aurkeztuko duela hirugarren aldiz alkatetzarako. EH Bilduk, aldiz, ez du oraindik bere hautagaitza plazaratu.