OLABEZARREKO BIZILAGUNAK

"Plaka fotovoltaikoak gure borondatearen kontra bada ere jarriko zituztela mehatxatu gintuzten"

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko api. 3a, 11:00

Abeltzaintzarako erabiltzen den 15 hektareako lursail publiko batean jarri nahi dituzte plakak. / Aiaraldea.eus

Olabezarreko lursail publiko batean jarri nahi dituzte eguzki-plakak Energiaren Euskal Erakundeak eta Krean enpresak, Ekian egitasmoaren baitan. Proiektuak kezka sorrarazi du herrian, bertako ganadutegien etorkizuna baldintzatu dezakeelako.  Bizilagunek bihar bozkatuko dute eguzki-plakak jartzea onartu edo ez.

Bihar bozkatuko dute Olabezarreko bizilagunek herrian parke fotovoltaikoa jartzea onartuko duten edo ez. Energiaren Euskal Erakundeak eta Krean enpresak sortutako Ekian egitasmoak sustatu du proiektua, eta 15 hektareako lursail batekin abiatu nahi dute.

“Argi utzi zuten kosta ala kosta jarri nahi dituztela eguzki-plakak Aiaran”

Zalantza ugari

Proiektu fotovoltaikoaren sustatzaileek iragan astean egin zuten bilera Olabezarreko bizilagunekin, egitasmoaren nondik norakoak aurkezteko. Giro nahasian gauzatu zuten bilera; izan ere, zalantza ugari geratu ziren argitzeke, Irene Robleda, Ainara Gochi eta Asier Bolivar Olabezarreko bizilagunek Aiaraldea Komunikabideari azaldu diotenez.

“Argi utzi zuten kosta ala kosta jarri nahi dituztela eguzki-plakak Aiaran”, azaldu du Robledak. Krean eta Energiaren Euskal Erakundearen hitzetan, Murgako industriaguneko enpresak hornitzeko baliatuko dute parke fotovoltaikoa baina, bileran aitortu zutenez, ez dute bertako enpresekin oraindik ezer adostu.

“Informazioa ezkutatzen ari dira. Ez du zentzurik horrelako proiektu bat sustatzea hornituko dituen enpresekin aurretiaz hitz egin gabe”, aipatu du Robledak, “galdetu genien ea zergatik ez dituzten eguzki plakak Murgako industriagunean jartzen, baina ez genuen pisuzko arrazoirik jaso”.

Robledak eta Bolivarrek azaldu dutenez, Murgako industriagunean lurzoru industrial bezala kalifikatutako lur-sailak daude, eta enpresetako teilatuak ere baliatu daitezke eguzki-energia sortzeko. “Energiaren Euskal Erakundea eta Krean, ordea, tematuta daude eguzki plakak industriagunetik kanpo jartzeko, fabriketako teilatuak zaharrak direla argudiatuta”.

Susmo txarra hartzen diote plaka fotovoltaikoen talde sustatzaileari: “Argudio kontraesankorrak baliatu dituzte proiektua defendatzeko. Gainera, Krean enpresa Mondragon Kooperatibako taldekidea da, Murgako enpresa nagusietako bat den Etorki bezala. Susmagarria da euren artean harremanik izan ez dutela esatea”.

Eguzki-plakak “nahi eta nahi ez”

Ekianek 25 urtez alokatu nahi ditu Olabezarreko lursailak, Administrazio Batzarrari 28.000 euro ordainduta. “Administrazio Batzarrak ez du diru horren beharrik. Kontrara, proiektuak herrian dauden ganadutegiekin amaituko du”, salatu du Bolivarrek.

Bilera amaitzerakoan, proiektua aurkeztera etorri ziren ordezkariak herritarrak mehatxatu zituztela azaldu du Robledak: “Esan ziguten guk nahi edo ez, plakak jarriko dituztela. Bi aukera genituela azaldu ziguten; edo plakak eurekin jarri edo bestela Iberdrolak lursailak espropiatuko zizkigula”.

Herriko ganadutegiak arriskuan

Lursail publikoak dira Ekianen jo-puntuan daudenak. Hain zuzen ere, lursail horietan garatzen dute jarduna herrian dauden hiru abeltegiek. “Eguzki-plakak jartzen badituzte aziendak abandonatu beharko ditugu” adierazi du Bolivarrek.

Asier Bolivarrek gaztandegi bat dauka Olabezarren, eta bere diru-iturri guztiak ganadutegitik datoz. Beste bizilagun bat ere egoera berdinean dago. “Herri txikien eta bertako abeltzainen kaltetan garatu nahi dute proiektua” kexu da Olabezarreko bizilaguna.

Bozketa bihar

Bihar egingo dute proiektua onartzen duten edo ez erabakitzeko bozketa. Parke fotovoltaikoaren aurka dauden bizilagunak baikor dira “herritarren gehiengoa proiektuaren kontra dagoelako”, baina kezka zabaldu da Olabezarren.

Plataforma sortu dute egoera salatzeko, eta Instagram kontua ere zabaldu dute proiektuak sortuko lituzkeen kalteak jendarteratzeko. Aiaraldeko beste proiektu ekologista batzuekin ere abiatu dut elkarlana; hala nola Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformarekin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide