Olabezargo bizilagunek ezezkoa eman diote plaka fotovoltaikoak herriko lursail publiko batean jarri nahi zituen proiektuari

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko api. 4a, 21:20

Abeltzaintzarako erabiltzen den 15 hektareako lursail publiko batean jarri nahi dituzte plakak. / Aiaraldea.eus

Energiaren Euskal erakundeak eta Krean enpresak sustatutako plaka fotovoltaikoen makro proiektuari ezezkoa eman diote Olabezargo bizilagunek gaur arratsaldean egindako bozketan. Halaber, herritarren borondatea ez errespetatzeko arriskua sumatzen dute oraindik bizilagunek.

Ezezkoa eman diote Olabezargo bizilagunek Energiaren Euskal Erakundeak eta Krean enpresak Ekian egitasmoaren barruan Olabezarren instalatu nahi zuten eguzki-plaken proiektuari. Egitasmoa Olabezargo lursail publiko batean jarri nahi zuten erakunde sustatzaileek, herriko hiru ganadutegiek abeltzaintzarako erabiltzen duten espazioetako batean.

Ezezkoa nagusi

Azken asteetako giro nahasiaren ostean, gaur bozkatu dute bizilagunek proiektua herrian egitea onartu edo ez. Ezezkoaren aldeko botoak izan dira nagusi arratsaldean egindako bozketan. Bertan parte hartu duten 26 bizilagunek proiektuaren kontra egin dute, eta lau lagun abstenitu egin dira.

Ikusteke dago orain Energiaren Euskal Erakundeak eta Krean enpresak hartzen duten erabakia. Herritarrek arriskua ikusten dute bozketan erabakitakoa kolokan jartzeko. "Tapia Legea deritzon lege berriarekin, horrelako makro-proiektuek aurrera egin dezakete tokiko erakundeak aurka agertu arren", azaldu zion Aiaraldea Komunikabideari Irene Robleda Olabezargo auzokideak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide