EH Bilduk adierazi du konfiantza eta akordio programatikoen falta egon dela Aiara Batuzekin udal gobernu taldea osatzeko

Aitor Aspuru Saez 2023ko eka. 16a, 11:28

Gaur zabaldu du oharra EH Bilduk. / Aiarako EH Bildu

Koalizioak argudiatu du azken hamabi urteetan Aiara Batuzek beligerantzia handia erakutsi duela EH Bilduren aurka, nahiz eta oposizioan egon, eta ez dela konfiantza nahikoa sortu elkarrekin udalerria gobernatzeko egin diren hiru bileretan.

Aiarako EH Bilduk oharra plazaratu du argitzeko bere jarrera biharko udal osoko bilkurari begira, zeinean udal gobernu taldea eratuko den. Izan ere, ez da egon akordiorik koalizioaren eta Aiara Batuzen artean gobernua sortzeko, saiakerak egin arren.

Hori azaltzeko, EH Bilduk adierazi du azken 12 urteetan Aiara Batuzek jarrera zorrotzagoa izan duela koalizioarekin EAJrekin baino, nahiz eta jeltzaleek alkatetza izan azken 8 urteetan: "Egoera horrek bat-bateko aldaketa-eskaintza horrekiko konfiantza murriztu du eta, gainera, arloen banaketarekin lotuta iritsi da soilik, Aiara Batuzek ez baitzuen onartzen Alkatetzaren buru izatea ez zekarren beste akordiorik. Edukiak eskatu ditugu, aldaketa hori sostengatuko duen programa bat, sailen banaketara mugatutako eskaintza baten aurrean".

Akordio faltaren aurrean, EH Bilduk proposamena egin zuela erantsi du: "Aiara Batuzi elkarrekin lan egitea eskaini genion, berme eta erantzukizunez, akordio programatiko batean oinarrituta. Oposiziotik lan partekatua proposatzen dugu, aurrerago gobernuaren erantzukizuna hartu ahal izateko beharrezkoa den konfiantza eraikitzen joateko, eta horrek ez du zerikusirik oposiziotik gobernatzearekin. Proposamen horrek ezezko erantzuna jaso zuen Aiara Batuzen aldetik".

Une hauetan desadostasuna nagusi den arren, koalizioak ez dio itxi atea guztiz Aiara Batuzi: "Gure konpromisoa da gure udalerria, gure herriak eta bizilagunen bizi-baldintzak hobetzeko borondate eraikitzailearekin lan egiten jarraitzea, eta bide horretan EH Bilduk eskua luzatuta dauka aldaketa hori bultzatuko duen gehiengo berriak eraikitzeko".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide