Erabakitzeko eskubidearen aldeko elkarretaratzea egin zuen Gure Eskuk Oletako landetan bosgarren urtez. Egun osoko egitaraua prestatu zuten festa eta aldarrikapena uztartuz: mendi ibilaldia, herri kirolak, bazkaria, erromeria…
Frantziako Tourra
Josu Etxaburu Gure Eskuren bozeramailea ere izan zen Oletan. Aurreratu zuenez, Frantziako Tourra erabakitzeko eskubidearen aldeko bozgorailu bilakatzea da herri mugimenduaren hurrengo erronka. Txirrindularitza lasterketak nazioartean duen oihartzuna profitatu nahi du Gure Eskuk, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea lau haizetara zabaltzeko.
Guztira 60.000 ikurrina banatuko ditu erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduak datozen egunetan. "Ikur horiek eskuan errepide bazterretara ateratzeko deia egiten diegu euskal herritarroi, guztion artean argi adierazteko gure etorkizuna erabakitzea gure esku egon behar duela", azaldu zuen Etxaburuk igandean.
Argazkiak: Jose Mari Gutierrez Angulo