Iaz jarritako markari eutsi nahi diote Luiaondoko jaietan. Administrazio Batzarreko kideak buru-belarri aritu dira azken hilabeteetan jaietako programazioa lotzen, eta aurten ere "adin guztientzako eskaintza zabala" prestatu dute. Honezkero badute jaietako-ordezkaria izendatuta, eta uztailaren 20an kultur etxetik txupinazoa jaurtitzea baino ez da falta.
Gazteen ekarpena giltzarri
Azken urteetan bezala herriko gazteen ekarpena funtsezkoa izan da jai-egitaraua osatzeko. "Duela hilabete batzuk beraiekin jarri ginen harremanetan Luiaondoko festetan egotea nahi zuten kontzertuen zerrenda osatzeko", azaldu dute Administrazio Batzarretik.
Oso pozik azaldu dira emaitzarekin; eta herritarrak asebetetzeko musika eskaintza egongo da jaietan. Uztailaren 21ean Akerbeltz erromeria eta DJ Gomi egongo dira; 22an, aldiz, Kresala eta DJ Varro. Horrez gain, uztailaren 23an Luhartz erromeriak herriko nagusienak gozaraziko ditu. Etxebarria aita-seme trikitilariak ere arituko dira festen asteburuan zehar herriko kaleak girotzen.
Musika eskaintza bideratzea ez da herriko gazteek festei begira egindako ekarpen bakarra. Uztailaren 23an, igandean, frontenis txapelketa antolatu dute 14:30ean. "Zaletasuna piztu da herrian, eta euren iniziatibari esker antolatu dute frontenis txapelketa", azpimarratu dute Administrazio Batzarretik. "Oso pozik gaude gazteen parte hartzearekin. Gazteak dira Luiaondoren etorkizuna, eta ikusten dugu badagoela lekukoa nork hartu".
Lekubatxe bolatoki kluba
Aurtengo jaietan protagonismo berezia izango du herriko Lekubatxe Bolatoki Klubak. Izan ere, Luiaondon jokatuko da Euskal Herriko Bola txapelketa datorren urteko ekainean eta, ekimena finantzatzeko asmoz, jaien antolaketaren zati handi bat hartu dute klubeko kideek. Andra Mari Magdalena elizako txosna kudeatzeaz gain, beste hainbat ekintza ere prestatu dituzte Lekubatzeko kideek, hala nola uztailaren 21eko txintxorta jana, uztailaren 22ko bermut musikatua edota uztailaren 23ko mus txapelketa eta magia ikuskizuna.
Nola ez, bola txapelketak ere ez dira faltako. Uztailaren 23an egingo dute Magdalena Saria Bolo Txapelketa herriko bolatokian, 11:00etatik aurrera.Uztailaren 21ean umeen bolo txapelketa egingo dute 17:00etan.
Hau da jaietako egitarau osoa:
Uztailak 20, osteguna:
- 18:00 - Malato zuhaitza: 'Betijai' fanfarrea
- 20:00 - Kutlur etxea: Txupinazoa
- 20:30 - Elizako zelaia: Buruhandiak
- 22:00 - Elizako zelaia: Joselu Anayak
Uztailak 21, ostirala:
- 17:00 - Frontoia: Huarrentzako puzgarriak
- 17:00 - Bolatokia: Haurrentzako bolo txapelketa
- 20:30 - Elizako zelaian: Hirugihar jana
- 23:00 - Elizako zelaia: Akerbeltz / DJ Gomi
Uztailak 22, larunbata:
- 11:00 - Bolatokia: Bolo tirada handia
- 12:00 - Elizan: Meza nagusia
- 12:30 - Elizako zelaian: Vermuta eta Ganeko erromeria
- 16:00 - Elizako zelaia: Etxebarria aita-seme trikitilariak
- 17:00 - Frontoia: Pilota jaialdia
- 17:00 - Bolatokia: Bola tirada handia
- 21:30 - Elizako zelaia: Odoloste jana
- 23:00 - Elizako zelaian: Kresala / DJ Varro
Uztailak 23, igandea:
- 14:45 - Frontoia: Frontenis txapelketa
- 16:30 - Kutlur Etxea: Mus Txapelketa
- 18:00 - Elizako zelaian: Linaje Magoa
- 19:30 - Elizako zelaian: Bingoa
- 20:30 - Elizako zelaian: Txistorra jana
- 21:30 - Elizako zelaian: Luhartz erromeria