Sanfermientako torneoko finalerako txartela lortzea erraz zuten Iker Larrazabalek eta Jon Mariezkurrenak, txapelketaren hasieran Elordi-Martijaren aurka lortutako 9-22 garaipenak bideratuta utzi baitzien txapelketa. Bart Peña eta Albisuren aurka neurtu ziren, aiararrak eta berriozartarrak nahikoa zuten 10 tanto egitea ostiraleko finalean egoteko. Kontrara, aurkariek sei tantotan utzi behar zuten Larrazabal eta Mariezkurrenaren markagailua finalera iristeko aukeraren bat bilatu nahi bazuten.
Larrazabalek eta Mariezkurrenak, ordea, sendotasunez aldarrikatu zuten finaleko postua. Azkar egin zituzten lehenengo 11 tantoak. Behin finala ziurtatuta, orekatutagoa izan zen lehia, eta 17-19 jarri zuten markagailua aurkariek. Azken tantoetan Larrazabalek eta Mariezkurrenak ez zuten hutsik egin eta 17-22 amaitu zen norgehiagoka.
Finala ostiralean
Gauzak horrela, aiararrak ostiralean jokatuko du Sanferminetako torneoko bere lehenengo finala, non eta bere lehenengo txapela irabazi zuen Labrit pilotalekuan. Larrazabalen bikote den Mariezkurrenak, aldiz, iaz Sanferminetako torneoan lortutako txapela defendatzen saiatuko da. Orain ostiraleko finaleko aurkariak nortzuk izango diren ebaztea falta da bakarrik. Gaur gauean argituko da hori: Ezkurdia-Zabaleta edo Jaka-Aranguren.