Profesional mailan lekua hartuz doa Iker Larrazabal pilotari aiararra. Promozioko Binakako Txapelketako txapela jantzi eta lehenengo mailan Mikel Urrutikoetxearen ordezko bezala lan txukuna egin ostean, Baiko enpresak aukera berri bat eskaini dio Olabezargo pilotariari: udako Masters CaixaBank txapelketan aritzea.
Jose Javier Zabaletaren aurrelaria izango da Larrazabal udako norgehiagokan. Larrazabalek bezala, Zabaletak ere binanako txapela jantzi du denboraldi honetan, Elordirekin batera, Laso eta Imaz Iruñeko finalean garaitu ostean. Atzelari nafarrak lana asko erraztuko dio gero eta eskarmentu gehiago pilatzen ari den aurrelari aiararrari.
Hauek dira txapelketako bikote guztiak:
- Elordi - Albisu
- Ezkurdia - Mariezkurrena II
- Peña II - Rezusta
- Altuna III - Imaz
- Jaka - Martija
- Larrazabal - Zabaleta
Uztailaren 21ean abiatuko da Masters CaixaBank txapelketa Urrestillako frontoian. Larrazabal eta Zabaleta uztailaren 25ean estreinatuko dira Elordi eta Albisuren aurka, Baztango frontoian jokatuko den norgehiagokan. Txapelketako finala urriaren 1ean jokatuko da, Iruñeko Nafarroa Arena frontoian.
San Fermin torneoa
Masters CaixaBank txapelketa ez da Larrazabalek uda honetan goi-mailan jokatuko duen txapelketa bakarra. Iragan astean aurkeztu zen pilotazaleen egutegietan gorriz markatutako San Fermin torneoa, eta bertan ere izango da Larrazabal. Txapelketa honetan Jon Mariezkurrenaren aurrelari izango da aiararra.