Luiaondoko bolatokian geratu gara elkarrizketa egiteko. Zer dela hautatu duzu toki hau?
Toki hau aukeratu dut jende askok jolasten duelako boloetan Luiaondon. Betidanik mantendu da tradizio hau eta, gainera, Euskadiko Txapelketa hemen egingo da datorren urtean. Horregatik, toki garrantzitsu bat da une honetan. Nik txikitan jokatzen nuen boloetan. Orain ez dut jokatzen, baina gustatuko litzaidake berriro jokatzea. Gogoko dut toki hau.
Betidanik bizi izan zara Luiaondon?
Ez. Lehen Laudion bizi nintzen, baina, zortzi urterekin etorri nintzen hona bizitzera.
Eta ezberdintasun asko sumatzen duzu toki batetik bestera?
Bai. Nire ustez, hobea da Luiaondon bizitzea. Lasaiagoa da, jende gutxiago dago. Kalean ez zara, adibidez, 20 kuadrillarekin topatzen. Hori ere oso ondo dago, baina nik ez dut gogoko egunero jende askorekin egotea. Nahiago du Luiaondon egon: mundu guztia ezagutzen duzu, oso giro ona dago, oso lasaia… joan zaitezke toki batera eta bakarrik egon… oso gogoko dut.
Dena den, jaietan herria bete egiten da, eta jende gazte asko dago.
Bai. Gazte asko gaude Luiaondon eta jende asko dator hona bizitzera. Eta jende gehiago erakartzen dugu. Ni, adibidez, Laudiora noa, eta Santutxun (Bilbo) egiten dut lan. Bertatik aipatzen dut Luiaondon bizi naizela eta jaiak direla… eta jendea animatzen da. Jende asko etortzen da, egia esan, eta uste dut horrela izaten jarraituko duela. Ahoz aho zabaltzen dela esango nuke.
Eskualdeko gainontzeko gazteekin ere duzue harremana, orduan.
Bai. Lagunak ditugu baita Artziniega eta Okondon ere, eta jende asko gerturatzen da toki horietatik, autoz edo beste modu batzuetan.
Jende gehiena ostiralean eta larunbatean bertaratzen da, ez da hala?
Bai, ostiralean eta larunbatean, bi egun horietan daudelako erromeria eta DJa. Herrikoak, aldiz, egun guztietan gaude. Txupinazo egunean, adibidez, normalean gu baino ez gaude, gauean ez dagoelako gauza askorik. Igandean ere ez da jende asko bertaratzen. Frontenis Txapelketa dago, eta horren informazioa agian ez da herritik kanpo zabaltzen, edo ez dio arreta deitzen herrikoa ez den jendeari.
Eta zuk, zer da jaietatik gehien gogoko duzuna? Zer dute berezi Luiaondoko jaiek Amurriokoekin edo Laudiokoekin alderatuta?
Giroa. Orain lau egun ospatuko ditugu, Madalenak; eta gero beste bi egun daude abuztuaren 8an eta 10ean, Santo Domingo eta San Lorentzo. Egun horietan ere herriko jendea dago soilik, eta ederra da giroa: jende guztia ezagutzen duzu, eta guztiekin hitz egiten duzu, berdin du 18, 24 edo 46 urte izan, denak gaude elkarrekin abesten eta dantzatzen. Nire ustez hori da bereziena; herriko giroa.
"Jende guztia ezagutzen duzu, eta guztiekin hitz egiten duzu, berdin du 18, 24 edo 46 urte izan, denak gaude elkarrekin abesten eta dantzatzen. Nire ustez hori da bereziena; herriko giroa"
Eta giro hori San Lorentzo eta Santo Domingoko jaietan sumatzen da gehiago, ez?
Hori da. Egun horietan ez dago ez DJ ez erromeriarik, eta kanpoko jendea ez da etortzen, ez dakite egun horietan festa dagoenik ere. Oso ospakizun bereziak dira. Tortilla Txapelketa egiten da, adibidez, eta herrikook soilik hartzen dugu parte. Ondo legoke beste herrietako pertsonek ere egun horiek ezagutzea eta etortzea. Leku bereziak dira. San Lorentzokoa leku oso berezia da, eta Santo Domingokoa ere bai, eta bertako festak ez ditu jende askok ezagutzen.
Aurten zuri egokitu zaizu Luiaondoko jaietako dama izatea. Nolatan?
Iaz ere nahi nuen dama izan, baina bozkatzeko eguna pasatu zitzaidan. Oporretan nengoen eta ez nintzen epeaz konturatu. Baina, aurtengoan, jendeari aurretik esan diot dama izan nahi nuela eta ni hautatu ninduten bozketan. Asko poztu nintzen. Ilusio askorekin hartzen dut. Normalean jaietako lau egunetan nago, baina dama izateak dakar ekintza guztietan presente egotea. Sariak ere ematen ditut dauden txapelketa guztietan, txupinazoko suziria pizten dut… oso berezia da. Aurten Luiaondoko jaiak bere osotasunean ikusiko ditut.
Zer mezu helarazi nahiko zenuke jaietan?
Giro ona egon dadila, hori da garrantzitsuena niretzat, jende orok parte hartzea ekintza guztietan. Luiaondoko jaiak dira, herri txiki bat da eta normalean ez da jende asko gerturatzen, baina egun hauetan bai.