Auto ilara luzea osatuz eta klaxonak joz iritsi dira gaur goizean Etxaurren Ikastolako gurasoak Aiarako hezkuntza zentrora. Modu horretan abiatu dute protesta dinamika, autobus zerbitzurik gabe daudela salatzeko.
Atzo izan zen klaseko lehen eguna, eta hezkuntza zentrora ohikoan iristen diren 8 autobusetatik bakarrak (Luiaondotik doanak) bete zuen bere bidea, Eusko Jaurlaritzak autobus enpresekin dituen desadostasuna dela eta. Horren ondorioz, ikasturte hasiera “kaotikoa eta konplikatua” izan zen, guraso elkarteko kideen hitzetan.
📢🚗🚙 Mobilizazioak abiatu dituzte Etxaurren Ikastolako gurasoek, autobus zerbitzua berrezarri dadin
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) September 8, 2023
Info+: https://t.co/WpxF42BqS3 pic.twitter.com/I1pKJ3UqcC
Greba astelehenean
Egoera ikusita, Aiara eta Okondoko udal ordezkariekin bildu ziren atzo guraso elkarteko kideak eta hezkuntza zentroko zuzendaritza. Bertan erabaki zuten mobilizazio dinamika abiatzea.
Gaur sortutako ibilgailu karabana izan da lehen urratsa. Astelehenean jarraituko dute protestarekin, “haurren greba” eginda (ez dituzte seme-alabak eskolara eramango). Asteartean, aldiz, mobilizazioa egingo dute eskola inguruko errepidetik.
Gurasoek nabarmendu dutenez, ikastolan dauden 227 haurren %98ak erabiltzen du autobus zerbitzua. “Eskola garraioa Euskal Eskola Publikoaren erabiltzaile gisa dugun eskubidea da eta Eusko Jaurlaritzak uneoro bermatu behar du”, aldarrikatu dute, “familiak eta hezkuntza publikoa ez gara trukerako erabil daitezkeen txanponak”.