Garraio zerbitzuaren faltak "egunerokotasuna jasanezina" egiten duela salatu dute Etxaurren Ikastolako familiek

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko ira. 12a, 10:58

Mobilizazioa egin dute gaur goizean Etxaurren Ikastolako familiek autobus zerbitzua berrezartzea eskatzeko. Eusko Jaurlaritzari eta garraio-enpresei exijitu diete konponbidea, eta egoera bideratu bitartean mobilizatzen jarraituko dutela ohartarazi dute.

Ikasturteko laugarren eguna dute gaur Etxaurren Ikastolako ikasleek, eta autobus zerbitzurik gabe jarraitzen dute, Eusko Jaurlaritzaren eta garraio-enpresen arteko desadostasunak tarteko. Azken egunetan egin bezala, gaurkoan ere mobilizatu egin dira ikastetxeko familiak. Guraso Elkarteak deituta manifestazioa egin dute Ibagueneko kirol pistatik ikastolako atariraino, eta trafikoa eten dute une batez.

Familiek azaldu dute "mirakuluak egiten" jarraitzen dutela seme-alabak ikastetxera eramateko, eta egoerak "egunerokotasuna jasanezina" bilakatu duela adierazi dute. Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburuari eta garraio-enpresei zuzendu dizkiete kritikak.

Jaurlaritzari eta garraio-enpresei erantzun eske

Alde batetik, Bildarratz sailburuak atzo komunikabideetan egindako adierazpenak izan dituzte hizpide gurasoek. Bildarratzen hitzetan garraio-enpresek "familiak bahitu gisa eta xantaia gisa" erabiltzen dituzte, eta horren aurrean familiei egindako kilometroengatik laguntzeko partida bat iragarri du Eusko Jaurlaritzak. "Ez dakigu nortzuk sentitzen diren egoera honekin bahituta, baina esaten dizugu Euskal Eskola Publikoko familiak ezin direla eroskeriaz edo apurrez erosten; egoera hau gasolina litro batzuen prezioa baino garestiagoa da. Benetako konponbideak behar ditugu", aldarrikatu dute Etxaurren Ikastolako familiek sailburuaren hitzei erantzunez.

Garraio-enpresen jarrera ere kritikatu egin dute gaurko manifestazioaren buruan. Enpresa hauek iaz %25eko igoera izan zuten, eta familientzat ulergaitza da batzuentzat "nahikoa dena" beste batzuentzat, ordea, ez izatea. "Ez dakigu erregaiaren prezioa aldatu egiten den probintzia batetik bestera, ezta garraio-konpainia batetik bestera ere; izan ere, hori da arrazoi bakarra batzuek beren lana egiten dutela eta beste batzuek irmo ukatzen dutela ulertzeko", azaldu dute Guraso Elkarteko kideek.

Kalitatezko zerbitzu baten alde

Egoera honen ondorioak pairatzen dituztenak Euskal Eskola Publikoko familiak direla azpimarratu du Guraso Elkarteak. "Ez dakigu benetan iruzurrik izan den zerbitzua emateari uko egin dioten enpresen artean; era berean ez dakigu aurreko ikasturteko igoeraren %25 nahikoa den, baina badakigu Eusko Jaurlaritzak enpresa pribatuak azpikontratatzen dituenean zerbitzu publikoak kudeatzeko, hala nola, ikastetxeetako garraioa, jantokiak eta sukaldea, enpresen kudeaketa txarraren ondorioak eta Jaurlaritzaren kontrolik eza Euskal Eskola Publikoko ikasleek eta familiek ordaintzen dutela beti", nabarmendu dute.

Mobilizatzen jarraitzeko deia

Ikasturte hasieratik mobilizatzen ari dira Etxaurren Ikastolako familiak. Atzo bertan ikastetxeko haurren %90ek greba egin zuten, eta ostiralean kotxe-karabana egin zuten. 

Iragarri dutenez, mobilizazioekin jarraituko dute egoera bideratu bitartean. Gaur goizean bilera egin dute Guraso Elkarteko kideek hurrengo urratsak adosteko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide