QUADBALL

"Oso harro gaude asteburuan Quadballeko Euskal Selekzioarekin lortutako emaitzekin"

Aitor Aspuru Saez 2023ko urr. 11a, 08:45

Euskal eta kataluniar selekzioak batera. Mikel eskuinean ikus daiteke kapela jantzita.

MIKEL GANZEDO (Menagarai, 1998) aiararrak Quadball Nations Cup txapelketan parte hartu du asteburuan Euskal Selekzioarekin eta pozik itzuli da lortutako emaitzekin.

Azalduko duzu zertan parte hartu duzun aste honetan?

Quadball Nations Cup jokatu dugu Saloun. Munduko Txapelketan aritu ez ziren selekzioek antolatu dute. Euskal Selekzioaz gain, Kataluniakoa ere egon da.

Bi kasutan herrialdeko bigarren selekzioak lehiatu dira, baina gehienetan Munduko Txapelketan egon ez ziren lehen taldeek parte hartu dute. 

Nola aritu da Euskal Selekzioa?

Oso oso harro gaude. Lehenengo egunean oso talde zailen aurka jokatu genuen; lehenengo sailkatuak izan direnen aurka, alegia.

"Txapelketako lehen egunean bost partida jokatu genituen eta lau galdu, Ingalaterrari irabazi genion, baina hurrengo egunean emaitza hobeak lortu genituen"

Hortaz, lehen egunean, nahiz eta ez genuen txarto egin, partida guztiak galdu genituen, bat izan ezik. Beste lau norgehiagokak galdu genituen. 
Hori dela eta, 18 talderen artean, 16. postuan sailkatu ginen larunbatean.

Hori bai, igandean hiru partida izan genituen eta hiruretan izan ginen garaile. 

Horri esker 8. izan gara sailkapenean eta oso harro gaude. Izan ere, Euskal Herria oso txikia da, Quadballean oso jende gutxi aritzen da eta selekzio oso potenteak egon ziren. Esaterako, Espainiako lehen taldeak irabazi gintuen, baina bazeuden oso talde indartsuak: Italiako bigarren taldea, adibidez. Lehen taldeak Munduko Txapelketa jokatu zuen eta lehen talde horretako jokalari batzuk bazituzten.

Frantziako bigarren taldea ere egon da, Ingalaterrakoa... Lehen eguna oso gogorra izan zen, baina gero emaitza hobeak lortu genituen.

Nolakoa izan da giroa?

Oso ona. Munduko jende ugari zegoen, 400 inguru. Japoniakoak, Turkiakoak, Vietnamgoak, Alemaniakoak, Herbeheretakoak... 

Eta zure partaidetza?

Aurreko batean esan nuen moduan, ez nago oso sartuta mundu honetan, baina horrelako ekimenak daudenean, batzuetan joaten naiz.

Torneoak ez badira ofizialak, animatzen naiz parte hartzen. Ez naiz onena eta ez naiz entrenamenduetara joaten, baina, hala ere, bigarren egunean ondo ikusi nuen nire burua. 

Quidditch izena atzean utzi eta kirolak orain Quadball du izena. Zergatik aldaketa?

Alde batetik, J. K Rowlingetik aldentzeko asmoa dago, baina ez da hori arrazoi bakarra. Izan ere, telebistan ateratzeko Quidditch izena ezin da erabili, erregistratuta baitago.

Jokalarien artean sumatu duzu Harry Potteren jarraitzaileak direla?

Ez, egunez egun gero eta gutxiago. Jendeak gustuko du kirola, ezagutzen dute Harry Potter, baina ez dira jarraitzaileak.

Nola itzuliko zara parte hartze horren ondoren?

Torneoan hitz egin dugu eta hurrengo hilabeteetan txapelketa gehiago egingo dituzte Araban, Gasteizen. Portugaleten ere Q-5 egin nahi dute, hau da, Quadball aretoa, bost jokalarirekin. Horrez gain, Amurrion ere egin nahi dugu zerbait abenduan. Horrelako hitzorduen ostean, gehiago motibatzen gara.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide